Behin-betiko hiribusa, %100 elektrikoa, martxan jarri dute Hondarribian

Antxeta Irratia

Otsailean martxan jarritako behin-behineko hiribusak 17.686 erabiltzaile izan ditu lehen seihilekoan, gazteak eta adineko pertsonak batik bat. Orain %100 elektrikoa den autobus definitiboa jaso ondoren, herritarrek bozkatutako diseinuarekin martxan jarri dute gaur, ohiko ibilbide eta ordutegiekin.

Joan den otsailaren 24az geroztik, hondarribiarrek egunero 7:10etik 21:10ak artean, ordu erdiro, Hondarribiko ikastetxeak, hilerria, kiroldegia edota anbulategia lotzen dituen hiribusa erabiltzen dute. Amaitu berri diren jaietan ere, gauerditik goizeko 06:00ak arte aparteko zerbitzua eman dute. Baina Mugikortasun Mahaian duela hamarkada adostutako hiribusa martxan jarrita, aldiz, 29 plazako behin-behineko autobus hibrido txuri batekin hasi ziren zerbitzua ematen. Autobus berriaren diseinua aukeratzeko martxoaren 16a arte antolatutako partaidetza prozesu batean, herritarrek hiru diseinu posibleen artean hautatzeko aukera eman zuen udalak, baita iritziak eman ere. 

Udalak iragarri zuen ekainean jasoko zutela behin betiko autobusa, %100 elektrikoa, eta azkenean, uda amaieran honetan egin dute aldaketa. Estitxu Urtizberea zinegotziak nabarmendu du, hain justu, honek hiribus berriaren karbono arrastoa apalduko duela. Haatik, lehen hilabeteotan behin-behineko hiribusak bere funtzioa bete du. Gogoan hartu behar da Hondarribiko Udalak 5 urtetarako esleitutako (urtean 270.000€ko) kontratua sinatu zuela, eta Igor Enparan alkateak estreinako egunean azpimarratu zuenez, sobera luzatu den hiri-garraioa hobetzeko zerbitzua martxan jartzea erabaki zuten «gehiago itxaron beharrean, zerbitzua emateari lehentasuna eman nahi izan diogulako».

Behin %100 elektrikoa den autobus definitiboa eskuratu dutela, gaur jarri dute martxan ohiko zerbitzuekin eta ibilbideekin. Lehen sei hilabeteetan ia 20.000 bidai erregistratu ditu hiribusak, 17.686 zehazki. Eta maiatza izan zen erabilera handieneko hilabetea, 3.338 bidaiarekin. Udalak azpimarratu duenez, adineko pertsonak eta gazteak dira zerbitzua gehien erabiltzen dutenak.