Gipuzkoako Gurutze Gorriak 397 osasun esku-hartze egin ditu udan Hondarribia eta Getariako hondartzetan. Zifra historikoak direla nabarmendu du erakundeak, eta asistentzia gehienak ebakiak eta zauriak izan badira ere (142), aurten hondartzetako daturik esanguratsuena marmoken presentzia izan da. Horren ondorioz, 130 pertsona artatu behar izan dute. Argitu dutenez, tenperatura altuen ondorioz emandako bero-kolpeek eta karabela portugaldarren presentziak markatutako udako denboraldia izan da honakoa.
Era berean, 2.017 bainu lagundu ditu Gurutze Gorriak, aurreikuspen guztiak gaindituta. Mendekotasuna eta desgaitasuna duten pertsona guztiei hondartzan bainua hartzea bermatzen duen "Hondartzak Denontzat" ekimenak marka historikoa egin du uda honetan. Gurutze Gorriak ekainaren 13tik irailaren 13ra bitartean, 11:00etatik 19:00etara eman du zerbitzua Hondarribiko eta Getariako hondartzetan. Hondartza egun batez gozatu nahi duten guztiei zuzenduta badago ere, adinekoak zein desgaitasuna duten pertsonen eguneko zentro eta egoitzei zuzendutako programa antolatzen dute Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Hartara, Aspace, Atzegi, ONCE eta bestelako erakundeentzat programatutako garraio zerbitzu egokitua ere eskaintzen dute Hondarribiko hondartzara joan-etorria egiteko.
Hondarribiko hondartza aitzindaria izan zen Gipuzkoan halako zerbitzuak eskaintzen. Gurutze Gorriko sorosleen eskutik beti, "Oztoporik Gabeko Bainua" izeneko programarekin hasi ziren 2008. urtean. Eta ibilbide luze horretan formatu eta bidelagun ezberdinak izan ditu. Oraingoan, hirugarren urtez jarraian, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu eta Gurutze Gorriak kudeatutako “Hondartzak Denontzat” ekimena garatu dute. Baina funtsean, lagundutako bainu-gailuak aulki anfibioak, makuluak (taka-takak) eta salbamendu-txalekoekin, bi sorosleren laguntzarekin desgaitasuna duten pertsonei bainatzen laguntzen diete.
Denboraldi honetan zifra historikoak hautsi dira laguntza sozialen barruan, 2.017 bainu lagundu egin dira (947 Malkorben eta 1070 Hondarribian), joan den udan baino 599 bainu gehiago. Kontuan hartu behar da iazkoan ere marka guztiak hobetu zituztela, eta 2023ko denboraldiarekin alderatuta datuak hirukoiztu egin dira aurten. Hondarribian, zehazki, 2024an 161 lagunek erabili zuten bitartean, hamar bidez erabiltzaile jaso ditu aurten.