Hondarribiko Udalak herriko hiru ikastetxeekin elkarlanean 2023tik garatzen ari den Billaba proiektuaren eskutik, ikasleek talde-dinamika eta jolaserako Billaba Eguna gozatu zuten maiatzaren 14an. Eta ikasturte hasiera honetan ere, proiektuari jarraipena emango diote. Horren harira, Ama Guadalupekoa, Egiluze eta Talaiako 1.163 ikasleek abiatu berri duten ikasturterako Billaba eskola-agenda jaso dute. Udalak aditzera eman duenez, agenda berezi honetan Hondarribiko hizkerari keinu egin zaio, herriko ondare linguistikoaren transmisioa eta belaunaldien arteko lotura indartzeko asmoz. Horrez gain, egunerokoan motibatzeko eta euskaraz bizitzera animatzeko esaldiak ere aurkituko dituzte ikasleek.
Hondarribiko ikastetxe guztietan, HH, LH eta DBHko haur eta gazteak euskaraz egitera bultzatzeaz gain, hizkuntzarekiko jarrera positiboak eraikitzea, aurreiritziak apurtzea eta haurrek euskararekiko lotura emozional sendoa garatzea du helburu proiektuak. Euskara Sailetik diotenez, epe luzerako proiektua da, gazteen hizkuntza kontzientzia eta hizkuntza portaeran eragitea da, hizkuntzen kudeaketa egoki bat landuz, eta euskararekiko atxikimenduari eusteko.
Izan ere, 2021ean Soziolinguistika Klusterrak (2026ko udazkenean enkargatu dute hurrengoa) herrian egindako azken kale-entzuketaren arabera, herriko gazteen %10ak baino ez du kaleko egunerokoan euskaraz egiten. Hartara, 2026-2027 ikasturtean ere jarraipena izango du proiektuak. Garoa Lekuonak azaldu duenez, «epe luzerako eta izen luzeko proiektu horri Billaba izena jarri diogu, herriko hizkeran bihurria esanahi duela, euskara jostagarri ere izan daitekeela adierazteko».
Alde horretatik, haurrek eskolan euskaraz egiten duten arren, udal ordezkariaren arabera garrantzitsua da hizkuntza hori aisialdira, jolasera eta beste ikastetxeetako ikasleekin dituzten harremanetara ere eramatea. «Proiektu honen bidez ikusi dugu euskararen erabileraren inguruan eskolen arteko aurreiritziak badaudela. Horri aurre egiteko eta harresi horiek apurtzeko antolatu genuen elkarrekin gozatzeko goiz hau, euskararekin lotura emozionalak sortzeko», argitu du Lekuonak.