Igor Enparan: «Babacarren heriotza ekidin zitekeenaren sentsazioa dut, hausnarketara eraman behar gaitu, gizarte bezala ez dugu asmatu»

Koldo Nausia

Atzo udaltzain batek Hondarribian tiroz hil zuen Babacar Welle 46 urteko gizonak buru nahasmendu larriak zituen, eta Gizarte Zerbitzuetan artatu dute, baina alkateak aitortu du erakundeetatik ez direla gai izan egoera zaurgarrian zegoen pertsona honi laguntzeko. «Koordinazio gehiago behar da gizarte eta osasun zerbitzuen artean, ez gara tresnak emateko gai izan pertsona honi atzokoa gertatu ez zedin», adierazi du. Bestalde, gertakarien larritasunaren aurrean, alkateak argi du «zuhurtziaz jokatu» behar dela, eta udaltzainaren jarduna egokia izan zen ala ez argitzeko, «ikerketa inpartziala, independentea eta profesionala» behar dela.

Atzo 46 urteko Babacar Welleren heriotza eragin zuten Hondarribiko gertakari larrien biharamuna, alkate denetik «egunik zailena eta mingarriena» dela aitortu du Igor Enparanek. Hondarribiko alkateak «samina eta atsekabea» adierazi nahi izan du, eta hildakoaren senideei, lagunei eta senegaldar komunitateari doluminak eta elkartasuna adierazteko aprobetxatu du. Hain justu, senegaldar komunitateak elkarretaratzera deitu du gaur 17:00etan Martxoak 8 plazan gertaturikoa salatzeko. 

Portua auzoko taberna bateko bezeroak labainaz mehatxatu ondoren, bertaratutako dispositibo polizialaren jarduketaren emaitza, 46 urteko gizonaren heriotza izan zen, udaltzain batek tirokatuta Zuloaga, Matxin de Arzu eta Itsasargi kaleak batzen dituen biribilgunean ertzain bat labainaz hainbat alditan erasotzen saiatu ondoren. Gertakariak mina eragin du herrian, eta alkateak argitu duenez, polizien jarduketa egokia izan zen ala ez argitzeko «ikerketa sakon eta independente bat» beharrezkoa bada ere.

Igor Enparanek Antxeta Irratian aditzera eman duenez, «gizarte bezala hausnarketara eraman behar gaituen gertakari batzuen aurrean gaude». Izan ere, «atzo gertatutakoa ekidin zitekeen zerbaiten aurrean gaudenaren sentsazioa dut, eta neurri batean gizarte bezala asmatu ez dugun egoera baten aurrean gaudela», dio alkateak.

Kontuan hartu behar da, Babacar Welle Irungo Zubia gizarteratze zentroko erabiltzaile ohia zela, eta Donostiako Klinika Psikiatriko Forentsean ezaguna zen hainbatetan ingresatu dutelako. Gaur egun pairatzen zuen buruko nahasmendu larria kontrolatzeko medikazioa hartzeari utzi ondoren kale egoeran aurkitzen zen. «Egoera zaurgarrian zegoen pertsona baten heriotzaren aurrean gaudela zalantzarik ez dago, eta uste dut erakundeetatik ez dugula asmatu», aitortu du Enparanek.

Alde horretatik, Gizarte Zerbitzuetatik, bai Hondarribiko Udalekoak, bai Gipuzkoako Foru Aldundikoak, eta Osakidetzako osasun mentaleko ataletik ere gabezia batzuk izan dituztela pentsatzen du alkateak. Argitu duenez, «egoera oso zaurgarrian zegoen pertsona bat artatzen ari ginen, baina ez gara gai izan bere egoerara egokitzeko, eta pertsona honekin hainbat pasarte izan ditugu, baina ez gara gai izan tresnak eta baliabideak ematen pertsona honi atzokoa gertatu ez zedin».

Bistan denez, duela urtebete ari ziren Hondarribiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetan berekin lanean, eta pasa den hilabetean egin zuten berekin azken bilera. Hala ere, sistemak nolabait huts egin du. Eta Babacar Wellen kasuarekin bezala, gainerakoetan ere «osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak artatzeko koordinazio gehiago behar dugu erakundeen artean horrelako egoerak ekiditeko, eta hausnarketa ezinbestekoa dugu», dio Enparanek.

Gertakariak argitzeko ikerketa

Bestalde, ez da oharkabean pasatzen Babacar Hondarribiko udaltzain batek tirokatuta hil zela Hondarribiko erdigunean, herriko hainbat udaltzain eta Irungo ertzainez inguraturik. Hildakoak labaina eskuetan zuela arrisku egoera suposatzen bazuen ere, tiroz bota beharrean, hainbat polizien artean lurrera bota edota taser-pistola batekin kontrolpean ezartzeko aukera zegoela ezbaian jarri du iritzi publikoak.

Baina gertakarien larritasunaren aurrean, alkateak argi du Segurtasun Sailak abiatu duen ikerketari bide eman behar zaiola. «Zuhurtziaz jokatu beharra dago, eta jarduna egokia izan zen ala ez argitzeko, ikerketa inpartziala, independentea eta profesionala behar du», nabarmendu du. Hondarribiko Udaletik Barne Sailarekin batera lan egingo dutela iragarri du, eta «ondorioak ikerketaren emaitzaren tamainakoak» izango badira ere, balorazioak egiterako garaian, ondorio horiek jakin artean ez aurreratzeko eskatu du.