Babacarrentzat justizia aldarrikatu dute Hondarribian «hilketa arrazista» izan dela salatuta

Antxeta Irratia

200 herritar inguruk babestu zuten Hondarribiko senegaldar komunitateak egindako deialdia. Martxoak 8 plazan elkartu eta hitzartzeen ondotik, manifestazioa egin zuten astelehenean Babacar akabatu zuten Zuloaga, Matxin de Arzu eta Itsasargi kaleak batzen dituen biribilguneraino. Manko elkarteko presidente Awa Seckek poliziaren gehiegikeria, gizarte-sistemaren porrota eta hilketa arrazista izan dela salatu du. Babacarrentzat justizia aldarrikatzeko beste manifestazio bat deitu dute larunbatean, 17:00etan, udaltzaingoaren egoitzatik abiatuta.

Une hunkigarriak eta tentsioa ere bizitu zuten Hondarribian atzo, Babacar Welle herritarraren heriotza salatzeko mobilizazioetan. Senegaldarren komunitatea zabala da herrian, eta Manko Senegal elkarteak deituta 17:00etan kontzentrazioa deitu zuten Martxoak 8 plazan Babacarrentzat justizia aldarrikatzeko. Hondarribiko udal gobernuko zenbait zinegotzik eta Senegalgo kontsula ere izan ziren atzoko mobilizazioetan.

Elkarretaratzean poliziaren gehiegikeria eta hilketa arrazista izan dela salatu zuten. Manko elkarteko presidente Awa Seckek salatu du «poliziak arazo bat zuela Babacarren kolorearekin eta arrazarekin». Eta atzokoaren ondotik, senegaldar komunitateak manifestazioa antolatu du larunbaterako, Hondarribiko udaltzainen egoitzatik abiatuta, 17:00etan.

Atzokoan abestu egin zuten, justizia aldarrikatu, eta Martxoak 8 plazan hainbat hitzartze egin ondoren, hasieran kontzentrazio bat zena, San Pedro kalean murgildu eta udaltzain batek astelehenean hiru tiroz Babacar akatu zuen Zuloaga, Matxin de Arzu eta Itsasargi kaleak batzen dituen biribilgunean eseri ziren mobilizazioarekin bat egin zuten 200 bat herritarrek.

Antxeta Irratiak atzo informatu zuen bezala, Babacar Welle Irungo Zubia gizarteratze zentroko erabiltzaile ohia zen, eta Donostiako Klinika Psikiatriko Forentsean ezaguna zen hainbatetan ingresatu behar izan zutelako bertan, osasun mental arazoengatik krisialdi ezberdinak izan dituelako. Gaur egun pairatzen zuen buruko nahasmendu larria kontrolatzeko medikazioa hartzeari utzi ondoren kale egoeran aurkitzen zen.

Alde horretatik, Igor Enparan Hondarribiko alkateak aitortu du Gizarte Zerbitzuetan artatu dutela azken hilabetetan, baina «erakundeetatik ez direla gai izan egoera zaurgarrian zegoen pertsona honi laguntzeko». Zentzu horretan, udaltzainaren jarduna egokia izan zen ala ez argitzeko, «ikerketa inpartziala, independentea eta profesionala» behar dela azpimarratu du. Baina gizarte bezala, eta erakunde publikoek ere nolabait huts egin dutela aitortu du.

Atzo senegaldar komunitateko ordezkariek argi utzi zuten Babacarrek buruko nahasmendu arazo larriak zituela, «baina Hondarribiko Udala eta Eusko Jaurlaritzak huts egin dute» haien ustetan, «Gizarte Zerbitzuetan, osasun arloan eta poliziaren jarduketan». Izan ere, astelehenean tiroz hil beharrean «Babacar lasaitzeko eta kontrolatzeko beste modu eta baliabide batzuk zeudela» gogoratu dute, «baina akabatu egin zuten, eta horrek ez du atzera-bueltarik».