'Emakumeak Itsasoan' ekimena antolatu du Emekik urrian Hondarribiko hondartzan

Antxeta Irratia

Gipuzkoako Emakumeak Mugimenduan proiektuaren baitan, iaz Donostiako Kontxako hondartzan egindako lehen esperientziak arrakasta izan zuen, eta orain emakumeek euren burua zaintzeko eta arnasa hartzeko itsasoarekiko harremana bultzatzen duten saioak egingo dituzte Hondarribiko hondartzan. «Emozioei leku egiteko eta norberaren ongizateari arreta eskaintzeko espazio segurua» sortuko dute, dohainik da, eta parte hartzeko ez da zergatik igeri egiten jakin behar.  

Emeki elkarteak 'Emakumeak Itsasoan' ekimena abian jarriko du urrian Hondarribiko hondartzan. Emakumeek euren burua zaintzeko eta arnasa hartzeko espazio bat behar dutela sinetsita, doako saioak egingo dituzte, ongizatea lantzeko eta itsasoarekin harremana sendotzeko. Udako sasoi betea atzean utzita, udazkenean itsasoaren eta naturaren bidez, lasaitzeko, gorputzarekin konektatzeko, emozioei lekua egiteko eta norberaren ongizateari arreta eskaintzeko uneak partekatuko dituztela iragarri dute.

Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamenduak Arazi Ideiak Borobiltzen-ekin batera bultzatzen duen Emakumeak Mugimenduan egitasmoaren barruan kokatzen da. Eta berez, ez da lehen esperientzia Gipuzkoan. Izan ere, 2025eko urrian egin zuten aurreneko esperientzia pilotua, eta Donostiako eta Pasaiako Erroak Elkarteko emakume taldeek itsasoarekin harremanetan autozaintzarako lotura indartzeko, Kontxako hondartzan egindako lau saioak arrakasta izan zuten. 

Antolatzaileek diotenez, igeriketa profesionalen eskutik espazio segurua, hurbila, motibatzailea eta ikaskuntza partekatukoa sortzen dute, eta parte hartzaileek gorputz konexioa eta urarekiko konfiantza lantzen dute. Argitu dutenez, parte hartzeko ez da igeri egiten jakin beharrik. Proiektuaren helburu nagusia da emakumeek itsasoarekin duten harremana indartzea eta hobetzea baita, autozaintza, norberaren denboraz gozatzea eta itsas ingurunearekiko lotura emozionala sustatzea.

Parte hartu nahi duen orok 688 82 78 71 telefonora deitu beharko du. Hondartzan egingo dituzten saioen datak ez dituzte oraindik zehaztu, partehartzaileekin adostuko dituztelako. Baina 15-20 emakumezko bi talde osatuko dituzte goizetan, 10:00etatik 11:30era, eta 11:30etik 13:00era.