Udako etenaldiaren ondoren, atzo iraileko Udal Osoko Bilkura egin zuten Hondarribian. Eta udal ordenantza fiskalen bueltan, 2027ko urtarrilaren 1etik indarrean ezarriko duten tasa turistikoaren zerga berria onartu zuten. PSE-EE udal taldea abstenitu egin zen, udal gobernuak dokumentazioa aztertzeko eta proposamenak egiteko «48 ordu baizik ez» dielako eman. EAJ-PNVk, aldiz, ontzat eman du Gipuzkoatik garatutako araudia Hondarribian aplikatzea, «herriko zerbitzuak hobetzeko diru sarrera garrantzitsua» suposatuko duelako.
Izan ere, udalak egindako aurreikuspenen arabera, urtean 700.000 euro eta milioi euro arteko inpaktua izan dezake udalaren ekonomian. Igor Enparan alkateak argitu duenez, «bisitari kopuru eta okupazioaren araberakoa» izango dela udal kaudimenean eragina, baina kontuan hartu beharra dago azken hamarkadan (pandemia garaian salbu) herriko establezimendu turistikoen okupazioa ez dela inoiz denboraldi altuan %92tik beherakoa izan. Nolanahi ere, jasotako dirua bisitariek herrian eragindako garbiketa, segurtasun, trafiko, kontratazio eta konponketa beharrei erantzuteko, eta turismoak eragindako gastu gehigarriak estaltzeko baliagarria izango delakoan dago alkatea.
Tasa turistiko progresiboa
2027ko urtarrilaren 1etik aurrera, herriko establezimendu turistikoetan ostatu hartuko duten bisitariak gehienez ere sei egun zergapetuko dituzte. Alkateak argitu duenez, hainbat salbuespen kontuan hartuko ditu arau fiskalak. Izan ere, 18 urtetik beherakoek, desgaitasuna duten pertsonek, ikasketa akademikoen ondorioz eta osasun arrazoiengatik egindako egonaldietan, administrazio publikoek diruz lagundutako arlo sozialeko egonaldiek, ez dute zerga hau ordaindu beharko.
Udal Gobernuak hasieran egindako planteamenduak hainbat aldaketa jaso ditu azkenean. Tasa orokor bat ezartzea erabaki dute, eta kanpaina turistiko bete-betean %25eko errekargua aplikatzea. Alkateak argitu duenez, martxoaren 15etik urriaren 15era izango da denboraldi altua, eta urriaren 16tik martxoaren 14ra arte tasa orokorra aplikatuko dute. «Bi epe horietan ezberdina izango da, Aste Santuaren aurretik eta udararen azken hondarretara kontsideratuko dugu denboraldi altua», azaldu du.
Establezimendu motaren araberako tasa
Bestalde, establezimendu motaren araberako tasa progresiboa izango da. Alde horretatik nekazal-etxeek izango dute zergapetze apalena eta etxebizitza turistikoek altuena. «Nekazaritza turismoa 0,6 eurokoa izango da pertsona eta gau bakoitzeko, eta 0,75 eurokoa denboraldi altuan, eta horrela izar batetik bostera doazen hoteletan handitzen joango da, eta etxebizitza turistikoetan aplikatuko da tasarik handiena», azaldu du alkateak. Hain justu, VT etxebizitza turistikoen kasuan, tasa orokorra 6 eurokoa izango da pertsona eta gaueko, eta 7,5 eurokoa turismo kanpaina betebetean.
Gogoan hartu behar da, udalak etxebizitza turistikoei neurri hartu nahi diela. INEk 2021ean egindako inkesta baten arabera, Hondarribia zen udalerriaren tamainaren eta eskaintzaren arabera, proportzioan EAEn apartamentu turistikoetara etxebizitza gehien bideratzen zuen herria. Orotara 201 etxebizitza eta 920tik gora ohe-eskaintza zuen orduan, eta bizitoki guztien %2,7a suposatzen zuen ofizialki, Gipuzkoako batezbestekoa %0,7koa zenean.
Hala ere, VT figura sortu denetik sektorea ofizialtzen joan da, jarduera ekonomiko horren inpostuak ordainduz. Eta Eusko Jaurlaritzaren VT (etxebizitza turistikoen) erregistro ofizialean 164 etxebizitza zeuden 2024ko urtarrilaren 1ean ofizialki sektorean alta emanda: Alde Zaharra (50 VT), Portua auzoa (49) eta Akartegin (48). Gainerakoak, Jaitzubian 8 VT daude martxan, Zimizarga auzoan beste 6, eta bana Amute-Kosta, Puntalea eta Gornutz auzoetan.
Hona hemen zerga berria ostatu mota eta kategoriaren arabera
| ESTABLEZIMENDU MOTA | Udazkena eta negua | Udaberria eta uda |
| 5 izarreko hotelak edo baliokidea | 4,80€ | 6,00€ |
| 4 izarreko hotelak edo baliokidea | 4,00€ | 5,00€ |
| 3 izarreko hotelak edo baliokidea | 2,40€ | 3,00€ |
| 2 izarreko hotelak edo baliokidea | 1,60€ | 2,00€ |
| 1 izarreko hotelak edo baliokidea | 1,00€ | 1,25€ |
| Erabilera turistikoko etxebizitzak (VT) | 6,00€ | 7,50€ |
| Apartamentu turistikoak | 2,40€ | 3,00€ |
| Pentsioak, kanpinak, landetxeak, aterpetxeak | 1,00€ | 1,25€ |
| Nekazalturismoak | 0,60€ | 0,75€ |