Emeki elkarteak 'Emakumeak Itsasoan' ekimenean parte hartzera animatzen ditu Bidasoaldeko emakumeak. Askok euren burua zaintzeko eta arnasa hartzeko espazio bat behar dutela sinetsita, doako saioak egingo dituzte, ongizatea lantzeko eta itsasoarekin harremana sendotzeko. Udako sasoi betea atzean utzita, udazkenean hondartza libre geratzen den honetan, «itsasoaren eta naturaren bidez, lasaitzeko, gorputzarekin konektatzeko, emozioei lekua egiteko eta norberaren ongizateari arreta eskaintzeko» uneak partekatuko dituztela azaldu digu Arazi Ideiak Borobiltzeneko Laura Olabarriak.
Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamenduarekin batera bultzatzen du erakunde honek, Emakumeak Mugimenduan egitasmoaren barruan. Ez da lehen esperientzia Gipuzkoan. Izan ere, 2024an hasi ziren, eta iazko urrian ere egin zuten Donostiako eta Pasaiako Erroak Elkarteko emakume taldeekin batera. Itsasoarekin harremanetan autozaintzarako lotura indartzeko, Kontxako hondartzan egindako lau saioak arrakasta izan zuten. Eta orain Hondarribira hedatu nahi dute autozaintzarako espazio hau.
Antolatzaileak dioenez, igeriketa profesionalen eskutik espazio segurua, hurbila, motibatzailea eta ikaskuntza partekatukoa sortzen dute, eta parte hartzaileek gorputz konexioa eta urarekiko konfiantza lantzen dute. Baina argitu dutenez, parte hartzeko ez da igeri egiten jakin beharrik. «Izan ere, gure helburua ez da igeri egitea, aurreko fasean aurkitzen diren emakume askorentzat helburu da saioak amaitutakoan eduki ditzaketen traumak edo beldurrak galtzea», azpimarratzen du Olabarriak.
Alde horretatik, proiektuaren helburu nagusia da emakumeek itsasoarekin duten harremana indartzea eta hobetzea baita, autozaintza, norberaren denboraz gozatzea eta itsas ingurunearekiko lotura emozionala sustatzea.
Parte hartu nahi duen orok 688 82 78 71 telefonora deitu beharko du, edota zuzenean arazi@arazi.eus posta elektronikora idatzi. Hondartzan egingo dituzten saioen datak ez dituzte oraindik zehaztu, parte-hartzaileekin adostuko dituztelako. Baina 15-20 emakumezko bi talde osatuko dituzte goizetan, 10:00etatik 11:30era, eta 11:30etik 13:00era.