Beñat Elzoren omenez, azaroaren 1ean oinez, korrika ala Kirol Kaiaren buelta eginez itxaropena ekartzeko deia egin dute

Antxeta Irratia

Kirol egokitua eta pertsona guztientzako aisialdi inklusiboa sustatzen duen Mindara elkartea laguntzeko helburu solidarioa izango du aurtengo Beñat Elzo mendi-lasterketak. Urtero bezala, azaroaren 1ean Talaia bidean barrena oinez (9:00etan) edo korrika (11:00etan), ala Kirol Kaiaren bueltan (12:30ean) familientzako ibilbide laburra eginez bat egiteko deia luzatu dute antolatzaileek. Izen-ematea zabalik dago jada www.kirolprobak.com weborrian, eta familia lasterketa eta mendi martxarako Kofradiaren dendan egin daiteke. 

Beñat Elzo zenaren omenez, haren izena daraman mendi-lasterketan parte hartzeko deia luzatu dute azaroaren 1ean. Asteburu honetan Txingudi Korrikarekin hasi eta datozen asteetan Donibane Lohizune edota Behobia-Donostiaren herri lasterketen gurpil eroan, elkartasunerako pausa ematen dio lasterketa honek urtero.

Oinez, korrika edota familientzako ibilbidea eginez, Elzoren senide eta lagunek Sportmundiren laguntzarekin antolatzen duten lasterketak urtero gaixotasun arraro baten ikerketa edota hunkitutako gaixoen senideei babesa emateko helburua izan du. Eta ekarpen garrantzitsua egiten dute orain artean. Azken edizioetan, adibidez, 20.924 euro bildu ahal izan zituzten ADELES elkartearen alde. Eta 2023an 15.649 euro bideratu ahal izan zituzten Angelman Sindromearen elkartea laguntzeko. Iazkoan, guraso batzuk sortutako desgaitasun intelektuala eragiten duen izen bereko sindrome genetikoaren ATR-X elkartea laguntzera bideratu zituzten irabaziak, eta 1.500 parte-hartzaile bildu zituen.

Aurten ere Beñat Elzo Mendi Lasterketa antolatuko dute azaroaren 1ean. Antolatzaileek argitu dutenez, betiko moduan, mendiko lasterketa, familien lasterketa eta oinezko martxa burutuko dira, eta aurten jasotzen den dirua Mindara elkartearentzat izango da. Jarduera fisiko inklusiboaren sustapena eta garapena, kirol egokitua eta pertsona guztien aisialdia bermatzeko helburu duen elkartea.

Lasterketarako izen-ematea zabalik dago jada www.kirolprobak.com weborrian, eta familia lasterketa eta mendi martxarako izen-ematea ere, Kofradiaren dendan (San Pedro eta Zuloaga kaleen artean) egin daiteke.