Hondarribiko hegaluzea Extremaduran dastatuko dute Adur Arrietaren eskutik

Antxeta Irratia

Tatapas Gastrotekako sukaldariak ordezkatuko du Hondarribia, urriaren 23tik 25era bitartean Extremadurako Valencia de Alcantara herrian ospatuko den Erdi Aroko XVIII. Pintxo eta Tapa Lehiaketan. Hegaluze mendrezka oinarri duen "Entre redes y trigales" pintxoa aurkeztuko du, ekainean Hondarribia mailako lehiaketan parte hartu zuten zortzi pintxoen artean onena.

Danontzat Gastrotekako Gorka Irisarriren lekukoa hartuko du aurten Tatapas Gastrotekako Adur Arrietak, urriaren 23tik 25era ospatuko den XVIII. Erdi Aroko Nazioarteko Pintxo eta Tapa Lehiaketan. Iaz Almazanen (Soria) ospatu bazen, aurtengoan Erdi Aroko Hirien Sareko kide den Valencia de Alcantara (Caceres) herriak antolatuko du hitzordu gastronomikoa. Ekainean Hondarribian ospatutako Erdi Aroko Pintxo Txapelketa irabazteko Adur Arrietak aurkeztutako lehiatuko da. Porru, onddo eta risottoa badu ere, atun mendrezka da pintxoaren osagai nagusia, sukaldariaren arabera «txuletarik onena».

Aurten zortzi establezimenduk hartu dute parte herriko lehiaketan, eta Adur Arrietak irabazi zuen lehen saria. Baina herritarren saria, aldiz, Danontzat Gastrotekako Gorka Irisarriren "Lamiak Arrautza" pintxoak eskuratu zuen, botoen %25,27 eskuratuz. Aurreko edizioarekin alderatuta %8 emendatu da aurten bezeroen kopurua, eta ostatuetan dastatutako 683 pintxoen zigiluak erregistratu dituzte.

Urriaren 23tik 25era ospatuko den lehiaketari dagokionez, ohikoa duten bezala, europarrek Amerikatik ekarritako produkturik ezingo dute erabili osagai gisa. Hau da, Erdi Aroan Europan ez baitziren ezagutzen ez tomatea, ezta patata edota artoa ere. Adur Arrietak honako herrietako ordezkariak izango ditu lehiakide: Almazán (Soria), Lizarra (Navarra), Hondarribia (Gipuzkoa), Valencia de Alcántara (Cáceres), Laguardia (Álava), Marvão (Portugal), Santo Domingo de la Calzada (La Rioja) eta Sigüenza (Guadalajara).