Erretirotik gertu dauden dendarien belaunaldi erreleboaren diagnostikoa eta lokal hutsen mapa egingo du Hondarribiko Udalak

Koldo Nausia

Hondarribiko merkataritza sektorea kate handietatik salbu eta, inguruko udalerrietan ez bezala, denda kopuruetan bere horretan mantentzen ari bada ere, %25 inguru erretirotik gertu dauden negozioak dira. Kontsumo ohiturak aldatu dira, eta merkataritza establezimenduak auzo-bizitza suspertzeko topaguneak direla kontuan hartuta, Belaunaldi Erreleboaren Ekintza Plana diseinatzeko diagnostikoa abiatu du Hondarribiko Udalak. Era berean, auzoz-auzo negozio berriak instalatzeko hutsik dauden lokal erabilgarrien mapa osatuko dute.

Duela urtebete, 2025eko urriko udal osoko bilkuran onartu zuen Hondarribiko Udalak Merkataritza Plan Estrategiko berria. Eta sektorea indartu eta suspertzeko aurreikusitako ekintzen artean, orain abiatu berri dituzten bi diagnostiko egitea zuten eginbeharren artean. Batetik, merkataritzaren eta tokiko zerbitzuen etorkizuna bermatzeko neurri egokienak hartu ahal izateko, merkataritzaren belaunaldi-erreleboaren azterlana. Eta bestetik, negozio berriak sortzeko aukera eskaini ditzaketen lokal huts erabilgarrien mapa osatu nahi dute. 

Bi azterlanek Hondarribiko sektorearen etorkizuneko erronkei erantzuteko oinarriak ezarriko dituztela aditzera eman du Estitxu Urtizbereak, Merkataritzako udal ordezkariak. Hain justu, herriko merkataritza txikia indartzea eta herrian komertzio-sarea osatzen duten 200 bat establezimenduen jarraikortasuna bermatzea baitute helburu. Zinegotziak argitu duenez, aipatutako plana onartzeko egindako azterketen arabera, «denda txikiak mehatxu handiak ditu, gero eta gehiago Internet bidez erosten dugu eta merkataritza-zentro handien eragina ere hor dago». 

Alde horretatik, Hondarribiko merkataritza sektorea inguruko udalerriekin alderatuta osasuntsu dagoela pentsatzen du zinegotziak. Izan ere, aldameneko Irungo hirian, adibidez, (historikoki komertziala) 2012az geroztik Irungo merkataritza txikiaren %33ak ateak itxi ditu. Hondarribian, berriz, %4 galdu da, baina erretirotik hurbil dauden 50 bat negozio identifikatuko dituzte, jabeak 55 urte baino gehiagokoa dutenak. Eta beraz, erreleboa ahalbidetzeko baldintzak jarri nahi dituzte agintariek aurrera begira. 

Hala ere, kontsumo ohiturak aldatzen ari direla ez zaie oharkabean pasatzen. Hondarribiarren gastuaren %47a herritik kanpora doa gaur egun, eta herritar bakoitzak urtean 800 euro inguruko gastua egiten du Internet bidezko erosketetan. «Datuek diote adineko pertsonek eta helduek ohitura handiagoa dutela herrian erosteko, baina gazteek gutxiago», dio Urtizbereak. Horregatik planaren barruan gazteei zuzendutako sentsibilizazio kanpaina bat ere aurreikusten dute. 

Auzoen bizitza 

Izan ere, Hondarribiko Udalak sinetsita dago, auzo biziak izango dituen herri bat lortzeko, «herritarren eguneroko beharrei erantzuteko gaitasuna duten negozioak topagune direla auzoetan». Urtizbereak azaldu duenez, merkataritza biziberritzea, hirigintza politiketan bezala "Auzo Bihotzak" estrategiarekin lotu dute, eta udalaren helburua da «auzo bakoitzak bere merkataritza, zerbitzu eta harremanetarako espazioak» edukitzea. 

Hau guztia kontuan hartuta, merkataritzaren eta tokiko zerbitzuen belaunaldi-erreleboaren egoera aztertuko dute, merkatarien artean inkestak eta elkarrizketa pertsonalak eginez. Eta bestetik, auzoz auzo, jarduera komertzialerako erabilgarri dauden lokal hutsen azterketa egingo dute, betiere jarduera ekonomiko berriak sustatzeko eta auzoetako merkataritza eta zerbitzu-sarea indartzeko aukerak zabaltzeko.

Estitxu Urtizbereak argi utzi du, diagnostikoa ez dela datu biltze soila izango. «Herriko errealitatearen argazkia eguneratuko dugu, enpresen eta herritarren behar eta erronkei erreparatuz, informazio horrekin Belaunaldi Erreleboaren Ekintza Plana diseinatzeko, neurri egokienak proposatzeko», azpimarratu du.