Irungo Udala tokiko merkataritza suspertu nahian dabil. Horretarako IrunMarket proiektua abian jarri zuen, eta joan den martxoan Nafarroa hiribidean, Mendibilgo azokan eta Hondarribia kalean kontsignak instalatu zituzten, tokiko komertzio txikian Internet bidez erositakoa "nahi duzunean" (24/7) jaso ahal izateko. Etxeetara egiten den bezala, honetan ere Badoa kooperatibak egiten du banaketa bizikletaz. Era berean, iaztik merkatarien formakuntza eta lankidetza sustatzeko CommerceLab esperimentazio laborategiak ateak zabaldu zituen Serapio Mugika kalean. Bertan eskainiko dituzte, hain justu, Irungo Udalak eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberak sinatu berri duten lankidetza hitzarmenari esker antolatuko dituzten formakuntza saio berriak.
Ikastaroetan eta tailerretan hiriko merkatariek baliabide praktikoak lantzeko aukera izango dute, eta hitzarmenak urtebeteko iraupena izango badu ere, ordea, luzatzeko aukera izango dute. «Tokiko merkataritzak dituen erronkei egokitzeko, Irungo dendak modernizatzeko eta kontsumo ohitura berrien aldaketa etengabera egokitzeko» beharra dagoela azpimarratu du Nuria Alzaga Ekonomia Sustapen eta Hiri Bultzadarako zinegotziak. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako azken inkesten arabera, erosketen %25 dagoeneko Internet bidez egiten dituzte gipuzkoarrek. Eta lehia horretan tokiko komertzio txikiak erronka itzela du bizirauteko.
Irungo merkataritzaren gainbehera
Hala ere, Gipuzkoako Ganberako Amalur Angiozarren ustez, «Irun plaza garrantzitsua izaten jarraitzen du merkataritzari dagokionez, bertakoentzat, baina Nafarroa eta Iparraldetik datozen bezeroentzat ere». Baina noraino jarraitzen du garai bateko polo komertziala?. Alzagak argi du «etorkizuna gaur dela, eta ezin dugu mezu negatiboak errepikatu, azkenean sinetsiko ditugulako», eta beraz, «merkatariak lagundu behar ditu udalak, baina herritarren esku dago ere bertako establezimenduak sostengatzea erosketak bertan eginez».
Irungo Udaleko ordezkariak azpimarratu duenez, «ez dugu ahaztu behar gure merkatariak irundar familiak direla, gure bizilagunak dira, eta izen eta abizenak dituzte, Luis, Edurne, Ana...». Zinegotzi sozialistak ez ditu zerrendatu, baina Mohamed, Abdul, Zhen, Hui Ying, Ecaterina, Mamadou, Magda... ere dute izena bertako merkatari askok. Izan ere, Irungo biztanleen %18 inguru atzerriko jatorria du egun, eta merkataritza establezimendu anitz zabaldu dituzte hirian, eta berez gainbeheran doan sektorea nolabait eusten ari dira.
2012 urtean Irunen zeuden 1.036 establezimenduetatik 856 geratzen ziren 2019an egindako ondoko inkestan, eta 2024ko azken datuen arabera 693k besterik ez zuten zabalik jarraitzen. Komertzio txikiaren %33ak itxi du Irunen dozena bat urtetan, epe berean EAEn txikizkako establezimenduen batez besteko beherakada %24koa izan den bitartean. Irunen garai bateko komertzio tradizionalak erretreta hartzen joan den heinean, multinazionalek okupatu izan dituzte lokal horietariko askok. Beste batzuk alokairuan edo salmentan ikus ditzakegu, hutsik. Baina azken urteetan tokiko merkataritzaren lekukoa hartu duten atzerriko jatorria duten bizilagun askok.
Atzerriko merkatari berriak
Honi buruz galdekatuta, Nuria Alzagak aitortu digu Irungo Udalak zailtasunak dituela merkataritza sustapenerako ekimenetan, aurkeztu berri dituzten formakuntza programan edota gabonetako zein bestelako kanpaina komertzialetan merkatari horiengana iristeko. «Atzerrikoak ez ezik, bertako merkatari asko dago oraindik gure kanpainen berri ere ez dakitenak», aitortzen du. Baina atzerritarren kasuan, gehienak ez dira ez Bidashop, ezta Mugan merkatarien elkarteetako kideak ere.
Hala ere, udala haiengana heltzen saiatzen ari dela dio Alzagak. «Lehen eskutiz baten bidez egiten ziren komunikazioak, eta orain dendaz denda goaz informatzen, ni neur joan izan naiz pertsonalki, eta ahalegin hori egin behar dugu denok batzeko, eta Irungo komertzioaren alde elkarrekin lan egiteko», esan du. Alde horretatik, establezimendu hauek egunerokoan hirian eskaintzen duten zerbitzua balioan jarri beharra dagoela pentsatzen du, eta atzerritarren negozio hauen aurka zenbait hiritar edo kolektibok ohikoak dituzten komentario lazgarriak baztertu behar direla.