Udal ordezkariak Jaizkibelgo harrespilen parke arkeologikora bisita egin dute, eta Aranzadi Zientzia Elkartea bertan egiten ari den ikerketa, dokumentazio eta lehengoratze lanak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute. 2023an eman zuten lehen aldiz aurkikuntzaren berri, Aranzadiko arkeologoek egindako bost urteko lanaren fruituaren ondotik, Jaizkibel V izendaturiko harrespila edo mairu-baratzea lehengoratzeko lanak aurkeztu zituztenean hain justu.
Kasu hartan, erromatarren garaiaren aurrekoa den monumentua edo hilerria da, duela 2.000 eta 3.000 urte artekoa dela kalkulatzen dute, eta hildako bati omenez egindakoa dela jakina da. Bazekiten ere, inguruan halako beste batzuk bazirela, lurraren mugimenduek lurperatua. Manu Ceberio da Aranzadi elkartearen izenean indusketa zuzendu duen arkeologoa, eta ikerketa arkeologikoarekin eta egituren lehengoratzearekin jarraitzen dute oraindik ere.
Udalak aditzera eman duenez, gaur egun, bost trikuharri, bi harrespil multzo eta tumulu bat ezagutzen dira eremu honetan. Horien artean daude Jaizkibel II eta Jaizkibel V harrespilak, garrantzi arkeologiko handiko bi monumentu. Aranzadik 2016an ekin zion inguruko ikerketa arkeologikoari, eta Hondarribiko Udalak 2025ean emandako finantzaketari esker egindako zundaketa-lanek zazpi monumentu megalitiko berri identifikatzeko aukera eman dute. Orain arte egindako ikerketek agerian utzi dute Jaizkibelen oraindik ere identifikatu gabeko egitura megalitiko ugari daudela. Horregatik, proiektuak datozen urteetan ikerketa arkeologikoarekin eta egituren lehengoratzearekin jarraitzea aurreikusten du.
Udalaren helburuetan ondare hori herritarrei ezagutarazteko bisita eta dibulgazio jarduerak antolatzea bada, baina oraingo honetan, udal ordezkariek izan dute monumentu megalitiko honen lehengoratze lanen berri bertatik bertara jasotzeko aukera. Paradore zaharreko begiralekutik hurbil dagen eremua da, dorreen ibilbidean, Santiagoko bide bete-betean.