Paradoreak gordetzen dituen Rubensen tapizak izango dira protagonista 'Ezagutu Zure Hiria'ren urriko saioan

Antxeta Irratia

Alejandro Klecker de Elizaldek, Tapizen Errege Fabrikako zuzendari nagusiak hitzaldia emango du Arma Plazan, urriaren 16an, eta hurrengo egunean Carlos V.aren gazteluko tapizen aretoan barrena bisita gidatua egingo du. XVII. mendean Bruselan urre eta zilarrezko hariekin brodatutako Rubensek diseinatutako tapizak zaharberritu egin dituzte, eta duela gutxi itzuli dira Hondarribira.

Arma Plaza Fundazioak antolatzen duen Ezagutu Zure Hiria ekimenak Carlos V. Paradoreak gordetzen duen altxorretako bat deskubritzeko gonbidapena luzatzen du hilabete honetan. Izan ere, hainbat hilabetez zaharberritze lanak egin ondoren, 'Akilesen Historia' obraren tapizak itzuli dira Hondarribira. Pedro Pablo Rubens margolari flandriarrak diseinatu zituen, eta tamaina handiko pieza hauek Bruselan (Belgika) XVII. mendean ehunduak izan ziren urre eta zilarrezko hariekin. Flandriako ehungintzaren tradizioak lortu zuen aberastasunaren eta kalitatearen erakusgarri dira, eta Paradoreak duen tapizen saloiaren hormetan egon ohi dira ikusgai. 
 
Aipatutako zaharberritze lanak amaitu berri dituztela aprobetxatuta, tapiza hauen historia, aberastasuna artistikoa eta ondare gisa duten balioa ezagutzara emateko hitzaldia eta bisita antolatu dute. Horretarako, Alejandro Klecker de Elizaldek, Tapizen Errege Fabrikako zuzendari nagusiak hitzaldia emango du Arma Plazan, urriaren 16an, 19:00etan. Hitzaldia gaztelaniaz izango da, baita ondoko egunean, urriaren 17an Carlos V.aren gazteluko tapizen aretoan barrena egingo duen ordubeteko bisita gidatua ere.
 
Hitzaldia ate zabalik izango da Arma Plazako goiko solairuan. Baina ibilbide komentatua egiteko lekua erreserbatu beharko da, izan ere, bisita bakarra egingo du, urriaren 17an goizeko 11:00etan, 40 lagunentzako. Izena emateko 943.64.36.77 - 943.64.46.23 telefonotara deitu edota info@armaplaza.eus  posta elektronikora idatzi behar da. Era berean, Internet bidez ere hemen sakatuta egin daiteke. 
 
Arma Plazatik iragarri dutenez, azaroan Alde Zaharreko parrokiako sakristia bisitatzeko aukera emango dute. Bertan "Kalbarioko Igoera" horma-margolanaren zaharberritze prozesua ezagutzeko aukera emango baitute adituen eskutik, dimentsio artistikoa ez ezik, honek gordetzen duen historia ere.