Amute-Kostak bide instituzionala jorratzen duen bitartean, Hondarribian sinadura bilketa hasi dute Ekialdebus zerbitzu duina lortzeko

Antxeta Irratia

Herritar talde batek antolatuta, "Stop EkialdeBluf" lemapean sinadurak biltzen hasi dira Gipuzkoako Foru Aldundiari zerbitzu berrietan hobekuntzak egin ditzaten exijitzeko. Urriaren 1ean indarrean ezarri zituzten aldaketek haserrea ekarri dute Hondarribiko erabiltzaileen artean. Amute-Kosta Auzo Elkarteak bere partetik, Azahara Dominguez foru diputatuarekin bilera egin zuen urriaren 8an, eta dagoeneko ezarri dituzten errefortzuekin batera, zerbitzuen berrantolaketak beharko dituen zenbait zuzenketa aztertzeko konpromisoa hartu du epe ertainean.

Urriaren 1ean Gipuzkoako Foru Aldundiak Ekialdebus autobus zerbitzuetan indarrean ezarri zituen ordutegi, maiztasun eta zerbitzuen berrantolaketa berriarekin haserre agertu dira eskualdeko hainbat kolektibo. Herritarren artean sortutako kezka eta ezinegonarekin batera, Bidasoko EH Bilduk autobus zerbitzuen murrizketekin atzera egin eta zerbitzuaren benetako bultzada eskatzeko mozioa aurkeztu zuen irailaren 29ko Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Eta Hondarribiko iraileko Udal Osoko Bilkuran ere eztabaidagai izan zuten.

Azahara Dominguez Mugikortasunerako foru diputatuak Hondarribia Donostiarekin lotzeko zenbait errefortzuren berri eman zuen emakida berria indarrean sartu bezain pronto. Baina Hondarribiko erabiltzaile asko dira aldaketa gehiago aldarrikatzen dituztenak. Izan ere, hondarribiar langileen %82ak herritik kanpo lan egiten du gaur egun, eta biztanleria osoa kontuan hartzen badugu, herritarren %70 inguru Hondarribitik kanpora doa ikastera edo lanera, eta autobusa da herria komunikatzen duen garraio publiko bakarra.

Sinadurak eta lan-bilerak

Hau kontuan hartuta, herritar talde batek "Stop EkialdeBluf" lelopean, autobus zerbitzu egoki bat eskatzeko sinadurak biltzeko kanpaina bat jarri du martxan. Joan den asteburuan Kirol Kaian eta Hondartzako futbol zelaietan sinadurak bildu zituzten. Eta urriaren 19a arte, honako leku hauetan sinatzera hurbiltzeko deia luzatu dute: Lurgorri denda, Casa Santamaria, Itxola, Okil Store, Ttopara eta Iraola farmazia. 

Anartean, Amute-Kosta Auzo Elkarteak bide instituzionala jorratzen ari da, Ekialdebus zerbitzu berriek hunkitzen dituzten auzokideen interesak defendatzeko. Aldaketak aztertu eta egin beharreko zuzenketen alegazioak aurkeztu ondotik, irailaren 24an (kontratu berria indarrean sartu aurretik) idatziz jakinarazi zieten aldundiko arduradunei haien ezinegona. Erantzunak, aldiz, urriaren 8an jaso zituzten Azahara Dominguez foru diputatuarekin eta arloko teknikariekin egindako bileran. Hauek aitortu zietenez, ez zuten haien 17 alegazioen berririk jaso, eta Ekialdebuseko zerbitzu berrien kontratua aldez aurretik egina eta indarrean sartu beharrekoa zela aitortu zieten. 

Hala ere, Amute-Kostako bizilagunek egindako eskaerak aintzat hartu eta egokitzapenak egiteko konpromisoa hartu du Dominguezek auzokideekin. Hala ere, aldaketa zenbaitzuk ezin izango dituzte 2027 urte hasiera arte egin.

Amute-Kosta Auzo Elkarteak kezka adierazi du hasieratik, Hondarribiko erdigunetik aldendutako auzoa den heinean, bizilagun askok auzotik pasatzen diren Ekialdebuseko autobus zerbitzuen mendekotasun handia dutelako. Eta zerbitzu berrien gabeziek, gazteak, adinekoak, eta oro har, ibilgailu pribatuaren alternatiba ez duten auzokide guztien egunerokoa nabarmen oztopatzen dutela salatu dute. 

Aldundiak aztertuko dituen aldaketak

Alde horretatik, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin bileran, E21 linea ordezkatzen duen BI02 autobusaren kasuan, maiztasuna galdu eta ordutegi murritzagoa du orain. Lehengo zerbitzuen ordutegiak (goizeko 6:00etan hasita gutxienez) berreskuratzea eskatzen dute, baita zerbitzuak pairatzen dituen atzerapenak eta 45 minutuko maiztasun eskasa. Aldundiak 30 minutuko maiztasuna berreskuratzeko egokitzapena aztertuko duela hitzeman du.

E25 linea ordezkatu duen BI05 zerbitzuari dagokionez, Kostatik pasatzeko eskatzen du auzo elkarteak. Aldundiak argitu duenez, Irundik abiatzen den 7:15etako zerbitzuak hala egiten du azken egokitzapenen ondoren, eta Irungo loturak hobetzeko BI05 linearen maiztasuna handitzea aztertuko dute Amute-Kostan itxaron denborak laburtzeko.

Era berean, Hondarribia-Irun-Oiartzun-Errenteria-Pasai Antxo eta Donostia lotzen dituen zerbitzua (lehengo E20) berreskuratzeko aukera aipatu dute, baita zenbait ordutegietan Mendelu eta Letxunborro hiribidetik pasatzea ere. E30 linea ordezkatu duen BI01 aireportuko zerbitzuaren kasuan, berriz, auzo elkarteak Hondarribian geldialdi gehiago egin ditzala eskatu diote aldundiari, bertako herritarrei zerbitzu emateko. Haatik, Foru Aldundiak dioenez, aurretik hitzeman dituzten egokitzapenak eginez gero, (E20 berreskuratzea eta BI02 indartzea) ez litzateke beharrezkoa izango. 

Bestalde, E29 linea ordezkatu duen Donostiako Ospitalera eta Miramonera doan BI06 linea asteburuetan ere zerbitzu ematea aztertzen ari dira. Eta unibertsitatera doan BI07 (lehengo E28) linea dagoeneko indartu egin dutela argitu du aldundiak. Bistan denez, autobus bikoitza artikulatu bat erabiltzeko aukera aztertzen ari dira bidaiari gehiago eraman ahal izateko.