Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri duen Ekialdebus (Lurraldebus) zerbitzuetan kontratu berrian hobekuntza gisa aurkeztu dituzten aldaketak, Irunen eta Hondarribian gaur egun dagoen zerbitzua okertuko dutelakoan daude hainbat kolektibo. Hondarribiko Amute-Kosta Auzo Elkartea publikoki kexatu ondoren, Bidasoko EH Bilduk autobus zerbitzuen berrantolaketak suposatuko dituen murrizketak salatu ditu.
Esaterako, Hondarribia-Irun-Oiartzun-Errenteria-Pasai Antxo eta Donostia lotzen dituen zerbitzua %50ean murriztuko baita asteburuetan, eta Irun-Hondarribia lotzen dituen E25 linearen kasuan, gaur egun bi hiriak 5 minutuoro lotzen dituen bitartean, 20 minutura handituko da maiztasuna.
Gipuzkoako Batzarretan eztabaidagai
Oro har, Donostiarekin ez ezik, eskualdeko bi herriak lotzen dituen zerbitzuaren maiztasuna ere okertzen delako kezkatua agertu da Oihana Briones, Irungo EH Bilduko bozeramailea. Gogoratu duenez, 2011ko emakidarekin alderatuta okerrera egiten du kontratu berriak. Brionesek ohartarazi du, «Irunen mugikortasun eredu jasangarriago baten alde Isuri Gutxiko Eremua ezarriko den bitartean, Irun eta Hondarribia lotzen dituen garraio publiko bakarraren maiztasuna murriztu egiten dutela».
Irundarrak kaltetzen ditu honek, baina bereziki hondarribiarrei eragingo die. Herritik sartu-ateratzeko garraio publiko bakarra baita Ekialdebusekoa. EH Bilduk azaldu duenez, hondarribiarren %82ak herritik kanpo lan egiten du gaur egun, eta biztanleria osoa kontuan hartuta, herritarren %70a egunero, Hondarribitik kanpora doa ikastera edo lanera, eta autobusa da duten garraio publiko bakarra. «Emakida berriaren maiztasunek eta ordutegiek ez dute Hondarribitik Donostiara autobusez joateko aukera errazten, zaildu baizik», salatu du Garoa Lekuonak, koalizio subiranistako Hondarribiko bozeramaileak. Izan ere, aipatutako E25 lineaz harago, Hondarribia-Donostia lotzen dituen E21 linearen egungo 45 minutuko maiztasuna ordubetera pasako da, eta Lekuonak gogoratu du 2023an Hondarribiko udalbatzak aho batez 30 minutukoa izatea eskatu zuela.
Hortaz gain, herritar askok autobus zerbitzua beharrezkoa dute Euskotreneko Topoa edota Renfeko geltokiarekin transbordoa egiteko. Eta murrizketekin tenorez ailegatzea zaila izango da. Garoa Lekuona, Hondarribiko EH Bilduko bozeramaileak ere argi du, hondarribiar asko kaltetuak izango direla.
Amuteko bizilagunen kezka
Horien artean, kaltetuenak Amute-Kosta auzoko bizilagunak direlakoan daude bertako auzokideak. Auzo Elkarteak azken urteetan errepide zaharreko bidegorri eta mugikortasuneko proiektuak direla eta, erakunde publikoekin harremanetan aski landua dute mugikortasunean auzoak behar dituen baliabidea eta garraio publikoa. Eta Amute-Kostako bizilagunei zuzenean eragiten die Lurraldebuseko emakida berriarekin urriaren 1etik aurrera indarrean ezarriko dituzten ordutegi eta maiztasun aldaketek.
Bizilagun orori, baina bereziki beste alternatibarik ez duten adineko pertsona zein gazte eta nerabeei. Auzokide batek azaldu digunez, «gaur egun dagoeneko nahiko inpuntualak izaten dira, eta seme-alabak eskolara edo erdigunera joateko berandu iritsi edo zailtasunak dituzte», kontatu digu, «askotan autobusa gainezka dator eta ez da gelditzen eta hurrengoa itxaron behar izaten baitute». Urriaren 1etik aurrera, berriz, egoerak okerrera egingo duelakoan dago. «Helduek alternatibak dituzte, eta ez badago besterik autoz mugitzen gara, baina haur eta nerabeentzat oinez urrunegi dute dena, eta udan bizikletaz mugitzen badira ere, udazkena eta negua gainean ditugu eta ez da egokiena», salatzen du.
Alde horretatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak azken urteetan aireportua Donostiarekin lotzeko ahaleginak besterik ez dituela egiten salatzen du Amute-Kosta Auzo Elkarteak. «Herritarren egunerokoan zerbitzuak murrizten dituzten bitartean, turista eta bisitariak eramateko linea berria urte osora zabaldu dute», diote. Gogoan hartu behar baita, emakida berrian, 2024an Hondarribiko Udalak eskatu eta aldundiak abian jarritako E30 linea indartu egingo dutela. Berez, joan den ekainaren 1etik aurrera indartu zuten, eta orain urte osoan mantenduko dute.
Aldunditik azken ukituak
Lurraldebusek Hondarribiko aireportua Donostiako erdigunearekin zuzenean lotzen duen zerbitzua emango du orduoro. Iaz 14.000 bidaiari jaso zituen, eta Azahara Dominguez Mugikortasuneko foru diputatuaren arabera, aireportuko bidaiarientzat espresuki diseinatuta dagoenez, E21 linea hondarribiarren zerbitzura bideratzea ahalbidetuko du, orain arteko masifikazioak arinduz.
Bestalde, azken urteetan abian jarritako zerbitzu berrien kasuan, Hondarribia eta Irundik Donostiako ospitale-eremura eta Miramongo Parke Teknologikora joateko E29 autobus linea berriak hilabetero 10.000 bidaiari baino gehiago jaso ditu 2026ko lehen seihilekoan. Bestalde, atzo aditzera eman zuten Igor Enparan Hondarribiko alkatearekn batera adostuta,
E21 linea ordezkatuko duen BI02 linea berriak lanera heltzea bermatzeko ordutegiak egokitu eta maiztasuna indartu egingo dutela. Donostia bidea autopistaz egiten duen linea honek irteerak izango ditu Hondarribitik 05:30ean, 6:30ean, 7:15ean (bi autobusekin), 8:15ean, 8:45ean eta 9:15ean. Ordu horretatik aurrera, Hondarribitik
irteerak izango dira orduro 10:30etik 21:30era bitartean (15:30ean izan ezik, 15:40an aterako baita). Eta azken irteera Hondarribitik 22:40ean izango bada, Donostiatik egindako irteera batzuk doitu dituzte, hondarribiarrak autobusera iritsi ahal izan daitezen lanetik irtetean eta etxera itzuli ahal izateko. Zehazki, honako irteerak izango dira Gipuzkoako hiriburutik 13:10ean, 14:10ean, 15:10ean, 16:10ean eta 22:10ean. Bestalde, BI07 lineak (Hondarribia/Irun/Donostia, Antiguatik) irteera gehigarri bat izango du Hondarribitik, 7:30ean, Irundik igaro eta 8:20an iritsiko da Donostiara, 8:30ean sartzen diren ikasleei zerbitzua emateko.