Hondarribiko Amute-Kosta Auzo Elkarteak abiatutako bide instituzionala emaitzak ematen hasi da. Urriaren 1ean Gipuzkoako Foru Aldundiak indarrean ezarritako Ekialdebus zerbitzu berriek eragindako ezinegonaren aurrean, auzo elkarteko ordezkariek 17 alegazio aurkeztu zituzten. Irailaren 24an (kontratu berria indarrean sartu aurretik) idatziz jakinarazi zieten aldundiko arduradunei haien kezka. Izan ere, Hondarribiko erdigunetik aldendutako auzoa izanik, haur, gazte, adineko zein ibilgailu pribaturik ez duten auzokideak autobus zerbitzuen mendekotasun handia dute izan lanera, izan eskolara joateko, edota eguneroko desplazamenduak egiteko.
Erantzunak, aldiz, urriaren 8an jaso zituzten Azahara Dominguez foru diputatuarekin eta arloko teknikariekin egindako bileran. Aldundiko ordezkari politikoarekin batera, Mugikortasun eta Garraiorako zuzendaria eta hainbat teknikarik parte hartu zuten bileran, eta auzokideei aitortu zietenez, ez zuten haien 17 alegazioen berririk jaso. Hala ere, Ekialdebuseko zerbitzu berrien kontratu emakidaren baldintzak aldez aurretik eginak eta indarrean sartu beharrekoak zirela aitortu zieten.
Hala ere, aldaketak behin martxan jarrita bada ere, egokitzapenak egiteko prestutasuna adierazi zieten, eta dagoeneko ezarri dituzten errefortzuekin batera, zerbitzuen berrantolaketak beharko dituen zenbait zuzenketa aztertzeko konpromisoa hartu zuen Azahara Dominguezek epe ertainean.
Eta fitxa mugitzen hasi direla dirudi. Izan ere, foru diputatuak gaur jakinarazi duenez, urriaren 19tik aurrera, BI05 lineako (Hondarribia>Irun) 7:15eko zerbitzuak Baserritar etorbidean, Donostia kalean eta Sabin Arana kalean egingo ditu geldialdiak, Talaia ikastetxe publikoko ikasleen sarrerari zerbitzu hobea emateko. Hortaz gain, egun horretatik aurrera, BI43G lineak (Hondarribia>Irun>Errenteria>Pasaia>Donostia) eskaeraren araberako geldialdiak egingo ditu Amute-Kosta auzoan, bertako bizilagunek jasaten dituzten itxaronaldiak laburtzeko.
Azahara Dominguezek aurreratu duenez, bere departamentua «ekintza-plan bat lantzen ari da, laster neurri berriak ezartzeko; besteak beste, zenbait zerbitzuren maiztasunak hobetzea eta eskualdeen arteko loturak indartzea». Datozen egunetan emango dute horren berri.