Hondartzako lurren desafekzioan Madrilen PSOErekin hitzemandako akordioa gauzatzeko «egutegi zehatza» eskatu dio Abotsanitzek EAJri

Koldo Nausia

Aitor Esteban EAJren Madrilgo diputatu zenean, 2023ko martxoan Hondarribira egindako bisitan, iragarri zuen hondartza eremuko eskumenak Eusko Jaurlaritzaren menpe geratuko zirela. Hondarribiko EAJk kirolgunearen eremuari buruzko titulartasunaren transferentzia eginda dagoela esanez, «kea saldu» duela leporatu dio Abotsanitzek, akordioa ez delako oraindik gauzatu. Udalak futbol zelaia berritu eta bertan inbertsioak egin ahal izateko eta «hauteskundeetako intereseko titularren mende ez egoteko, egutegi zehatz bat» eskatu diote jeltzaleei.

Hauteskunde kanpainatik hauteskunde kanpainara egin ohi diren promesen aurrean, hemerotekak ez du barkatzen. Alde horretatik, egin gabekoen zerrendak herritarrek pairatzen dituztela kontuan hartuta, Abotsanitzek Hondarribiko hondartza eremuko eskumenak Eusko Jaurlaritzaren gain geratuko zirela jeltzaleek aspaldi iragarri zutela gogoratu du. Baita egina zegoela adierazi ere. Baina ohar baten bidez herri batzarrak aditzera eman duenez, EAJ-PNVk eta PSOEk Madrilen 2023an sinatutako eskumen aldaketaren akordioa ez da oraindik gauzatu. «EAJk haien titularretan saldu du eskumen aldaketa gauzatu dela, baina hori ez da gaur egungo errealitatea», salatu du Abotsanitzek.

Bien arteko akordioa bete dezatela eskatu diete jeltzale eta sozialistei, «zintzotasunez eta gardentasunez» jokatu dezatela, eta «herritarren mesedetan lan egin eta alderdikeria atzean utz» dezatela. Izan ere, Hondarribiko eremu publiko eta kirol eremuen etorkizunean «hauteskundeetako interesen menpe ez egoteko, egutegi zehatz bat» eskatu du Abotsanitzek.

2023ko promesa elektoralak

Gogoan hartu behar da, 2023ko martxoaren 20an, udal hauteskunde kanpaina bete-betean geundela, Aitor Esteban, orduan jeltzaleen diputatua Madrilen, Hondarribiko Ondartza futbol zelaian bisitan izan zela, Joseba Agirretxea diputatuarekin batera. Madrilen bi bide administratibo ireki zituztela jakinarazi zuten, instituzionala batetik, eta EAJko Kongresu taldearen eskutik, politikoa bestetik. Izan ere, Pedro Sanchezen gobernuarekin negoziazio programatikoaren baitan, akordio horren berri eman zuen Estebanek, eta historikoki lur eremu horien «lagapenaren eredua gainditzeko hitzarmena urtea amaitu baino lehen egina» egongo zela hitzeman zuen. 2023ko martxoa zen. 

Haatik, 2026ko urrian gauden honetan, heldu den udaberriko udal hauteskunde kanpainaren atarian, Hondarribiko Futbol Elkartea Ondartza futbol zelaiko belarra aldatzeko esperoan jarraitzen du, baita Hondarribiko Udalak horretarako onartua duen aurrekontua exekutatzeko itxaroten ere.

Alde horretatik, hondartza eremuko lurren lagapena 1980an hasi bazen, 1995ean eta 2004 urteetan lagapen horren luzapena onartu zuen Espainiako Gobernuak. Eta eremu honek eragiten dion mendekotasuna aintzat hartuta, 2011 eta 2012 urteetan ere eskaera beretsua luzatu izan zuen Hondarribiko Udalak, orduan EAJ gobernuan zela. Udala eta Espainiako Estatuaren artean hitzarmen baten bitartez kudeatu izan dute historikoki eremu horren erabilera. Aldiz, 2020an hitzarmena iraungi zenetik udala eremu horretan esku-hartu ezinik dabil. Eta horrekin batera bertan egin beharreko inbertsio eta hobekuntzak ere geldirik daude.

Abotsanitz oposizioan zegoela, 2022an talde honek proposatuta onartu egin zuen Hondarribiko udalbatzak ahobatez, estatuari zegokion eskaera egitea prozesu administratibo hau martxan jartzeko. Eta 2025eko uztailaren 23an, Igor Enparan Hondarribiko alkateak (Abotsanitz) eta Idurre Bideguren EH Bilduren Madrilgo senatariak agerraldia egin zuten Hondarribiko kirol eremuetan, 2020tik arrunt blokatua den egoera salatu eta konponbide bat eskatzeko.

Urteak joan urteak etorri, ez da aurrerapausorik eman ahal izan orain artean. Baina EAJ-PNVk 2023ko martxoan iragarri zuen akordioak ahalbidetu beharko du, kirolgunearen eremuari buruzko titulartasunaren transferentzia errealitate bilakatzea.