Maribel Vaquero (EAJ): «Kirol eremuaren jabetza aldaketa onartua dago, Madrilen galdetu dugu eta Hondarribiko Udalaren zain daude ministerioan»

Koldo Nausia

Hondarribiko hondartza eremuaren desafekzioa lortzeko EAJ-PSOEren arteko 2023ko inbestidura akordioa bete egin dutela aldarrikatu du Maria Vaquero diputatuak, baina ministerioa «Hondarribiko Udalak prozedura administratiboa egin dezan zain dagoela» dio. Madrilgo EAJ Kongresu Taldeko diputatuak zalantzan jarri du azaroaren 29ko hauteskundeen ondoren konpromisoak indarrean jarraituko ote duen, eta beraz, «udalak pausoa lehenbailehen egin dezala» presatu du. Maria Serrano zinegotziak «pilota udal gobernuaren teilatuan» dagoela argitu du, eta Abotsanitzen salaketak «kudeaketa gaitasun eza estaltzeko» direla esan du.

 

EAJ-PNVk Hondarribiko hondartza eremuko eskumena udal jabetzakoa izatera pasatzeko akordioa bete egin duela hitzeman du gaur. Maribel Vaquerok, Madrilgo EAJren Kongresu Taldeko diputatuak, Maria Serrano zinegotziarekin batera, Hondartza kiroldegian egindako agerraldian aditzera eman duenez, «pilota Abotsanitz eta EH Bilduk osatzen duten Hondarribiko udal gobernuaren teilatuan dago». 

Aste honetan Abotsanitzek salatu du, EAJ-PNVk eta PSOEk Madrilen 2023an sinatutako eskumen aldaketaren akordioa ez dela oraindik gauzatu. «EAJk haien titularretan saldu du eskumen aldaketa gauzatu dela, baina hori ez da gaur egungo errealitatea», argitu du herri batzarrak. Aldiz, Maribel Vaquerok dio, Pedro Sanchezen inbestidura hitzarmenaren baitan EAJk eta PSOEk hartu zuten konpromisoa bete egin dela.

Diputatuen Kongresuko EAJren bozeramaileak argitu duenez, joan den irailean Idoia Sagastizabal diputatu jeltzaleak Estatu Idazkariari galdetu zion prozedura zertan zen, eta Kosta Agintaritzak lurren desafekzioa onartu eta haien gaineko eskumena Hondarribiko Udalari dohainik emateko akordio egina zegoela erantzun zioten. Aitortu du, hala ere, egikaritu ez zela ikusita, urrian berriz galdetu behar izan dutela ministerioan. Eta bertan baieztatu egin dietela «Hondarribiko Udalaren zain daudela, eta ez duela oraindik prozedura administratiboa abiatu».

Alde horretatik, udalak legealdia amaitu aurretik prozesuari ekin diezaion egutegia zehaztu dezala eskatu du Vaquerok. «Lehenbailehen egin dezatela, ez dakit zeren zain dauden, guk PSOErekin dugulako konpromisoa, baina gobernu aldaketa bat emango balitz, ez dakigu negoziatutako guztia zertan geratu daitekeen beraiek pauso hori ematen ez badute», ohartarazi du azaroaren 29ko hauteskundeek egoera aldatu dezakeela ohartaraziz. 

Hau kontuan hartuta, Maria Serrano zinegotzi jeltzaleak gogor kritikatu du Abotsanitzek aste honetan egindako salaketa. Eta jakinaren gainean egindakoa izan dela pentsatzen du, «kudeaketa gaitasun eza estaltzeko eta zarata sortzeko». «Urtetan gauza bat gaizki egin dugu EAJn, ez dugu sistematikoki Abotsanitzek behin eta berriz bota dituen gezurrak eta akusazioak erantzun, baina hau hain flagrantea izan da, ezin genuela horrela pasatzen utzi», salatu du, «momentu honetan prozesu hau gauzatzeko giltza udal gobernuak dauka, EAJk ezin du gehiago egin». Serranok.

Zentzu horretan, hauteskunde kanpaina giroa alboratu eta «herritarren faboretan aurrera egiteko» deia luzatu du EAJko ordezkariak. «Jendeak  ez du ulertzen beti horrela ibili behar izatea, urte asko luzatu da hondartza eremuaren eskumena jaso ahal izatearena, eta lortu egin da, goazen aurrera egitera», eskatu du.