Parrokiaren alboko plaza Maria Garro izendatu du Hondarribiko Udalak elizarekin topo egin badu ere

Koldo Nausia

Alde Zaharreko Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Mariaren parrokiak aurkeztutako alegazioa dela eta, ikerlan historikoa egin dute 1611n Hondarribian sorginkeriaz akusatutako emakumeen epaiketaren leku zehatza eta nork abiatu zuen argitzeko. Parrokiak dio «prozedura inkisitoriala udal agintariek abiatu zutela eta ez elizak», eta beraz, plazaren izendapena jazarpenaren erantzukizuna elizari oker leporatzea suposatzen duela. Azkenean, Maria Garro plazaren izendapena eremu horretan mantenduko da, baina gertatutakoa azalduko duen informazio panelak ezartzea erabaki dute.

Inkisizioak sorgin-epaiketarako Hondarribian erabili zuen eremua Maria Garro plaza izendatzea eztabaidatu zuten atzoko Udal Osoko Bilkuran. Joan den maiatzean proposatu zuten, hain justu, 1611. urteko maiatzaren 6an sorginkeriaz akusatuta epaitu zituzten herriko emakumeen artean ezezagunena aintzat hartzea, Maria Garro, eta Alde Zaharreko elizaren kanpandorre alboko plazari  izendapenari bide ematea.

Emeki elkarteak 2019an abiatutako Emakumeen izenak Hondarribiko kaleetan proiektuari segida emango diote orain, Hondarribiko II. Udal Berdintasun Planaren memoria historikoa, erreparazio sinbolikoa eta genero ikuspegiaren irizpideetan oinarrituta.

Udaberrian PSE-EE eta EAJ-PNV abstenitu egin ziren. Haatik, Alde Zaharreko Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Mariaren parrokiak alegazioa aurkeztu zuen uztailean. Izan ere, emakumeen memoria berreskuratzeko beharrarekin bat egiten badu ere, elizak dio 1611. urteko prozedura inkisitoriala herriko alkateek abiatu zutela, eta ez elizak. Igor Enparan alkateak argitu duenez, «prozedura udal agintariek abiatu zutela diote eta ez elizak, eta jazarpenaren erantzukizuna elizari oker leporatzea suposatuko duelakoan, izendapenaren eremua aldatzea eskatu dute». 

Gauzak argitzeko ikerlan historiko bat egin dela aditzera eman du alkateak, eta horren arabera, 1611. urteko epaiketa bi alkatek abiatu zutela, eta garai hartako udala edo kontzejuaren aretoa egungo elizaren kanpandorrea dagoen lekuan zegoela ondorioztatu da. Hau argituta, «eremua historiarekin bat datorrela, eta Maria Garro plaza izendapenarekin batera eremu horretan gertatu zena azaltzen duen panel informatiboa» ezartzea erabaki dute, sorginkeriaz akusatu zituzten emakumeen memoria berreskuratzeko. 

Parrokiaren argudioetan sartu gabe bada ere, EAJ abstenitu egin da oraingoan ere. Maria Serrano jeltzaleen bozeramaileak argitu du, emakumeen presentzia kale-izendegian handitzeko helburuarekin bat egiten dutela, baina alegazio bat dagoen momentutik, hau gogoan hartu behar dela. «Egia da prozesuan  Emekiko kideekin eta eragileekin egindako bileretan ez dela kontrako iritzirik jaso, baina elizak alegazioa aurkezten duen momentuan, kale-izendapenak hurrengo baterako adostasun osoa behar duela pentsatzen dugu», argitu du.