Maria Garro plaza izendatuko dute Inkisizioak sorgin-epaiketarako Hondarribian erabili zuen eremua

Koldo Nausia 2026ko maiatzaren 28a

1611. urteko maiatzaren 6an sorginkeriaz akusatuta epaitu zituzten herriko emakumeen artean ezezagunena aintzat hartu dute, Maria Garro plaza izendapenari bide emateko. Emeki elkarteak 2019an abiatutako Emakumeen izenak Hondarribiko kaleetan proiektuari segida emango diote orain, Hondarribiko II. Udal Berdintasun Planaren memoria historikoa, erreparazio sinbolikoa eta genero ikuspegiaren irizpideetan oinarrituta. PSE-EE eta EAJ-PNV abstenitu badira ere, Alde Zaharreko Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Maria elizaren alboko plazan gertakari historikoa ulertzeko euskarriak jarriko dituzte, epaiketa hura eman zen eremuan bertan.

Atzo maiatzeko udalbatza ospatu zen Hondarribian, eta Emeki elkarteak udalari luzatutako Maria Garro plaza izendatzeko proposamenari bide eman zioten. 2019an ekin zion emakumeen elkarteak izenik gabeko herriko plaza edo espazioei emakume edo emakumeen kolektibo bati lotutako izena jartzeko ekimenari. Eta dagoeneko sei izendatu dituzte. Martxoak 8 eta Hermandade aurreko Sare Konpontzaileen plazak izan ziren lehendabizikoak. Eta 2021ean Amute plazari Anttoni Etxeberria Mendizabal izena eman zioten, hain zuzen Anttonik luzaroan lan egin zuen tabernaren aurreko guneari. Eta 2022an, aldiz, Alde Zaharreko Denda kalean dauden Agustina Genua Saralegi eta Petra Laborda Zuzuarregi plazak, eta Bienvenida Emazabel Susperregi (Portuan 'Itturriko plaza´) izen propioek aldarrikatu zuten haien lekua.

Inkisizioaren biktimak

Eta orain, Maria Garro plaza izango da hondarribiarren eguneroko joan-etorrietan ohikoa bilakatuko den hurrengoa, Alde Zaharreko parrokiaren eskuin alboko plaza, hain zuzen. Apezpiku kaleko eskailerak igo eta elizaren kanpandorrearen aldean dagoena. Izan ere, 1764. urtean Francisco Ibero azpeitiar arkitetoak diseinatutako kanpandorre barrokoa, erdi aroko jatorrizko udaletxearen egoitza zen dorretxe baten gainean eraiki zuten. Eta parean zegoen artxibategiaren eraikinean (egungo plazan edo zabalgunean) Inkisizioak sorginkeriaz akusatutako herriko hainbat emakume epaitu zituen 1611. urteko maiatzaren 6an. Maria Garro haien artean. 

Orain, Hondarribiko II. Udal Berdintasun Planak aurreikusten dituen ekintzetan barneratua dago emakumeen presentzia kale izendegian indartzeko beharra. Eta kasu honetan, Berdintasun teknikariaren txostenak argitu duenez, emakumeen memoria kolektiboa gogoan hartzen duen plaza izendapena da, eta memoria historikoaren, erreparazio sinbolikoaren eta genero ikuspegiaren aldetik justifikatuta dago.

Parrokiaren hegoaldeko eremu honetan epaitu zituzten 1611. urtean gutxienez herriko sei emakume.

Igor Enparan alkateak azaldu duenez, «urte hartan gutxienez sei emakume izan ziren epaitutako emakumeak, eta ezezagunetako bat da Maria Garro». Alde horretatik, epaiketa horiek egin ziren eremua dela kontuan hartuta, izendapena ofizialtzearekin batera, sorgin ehiza eta epaiketa inkisitorioaren gertakari historikoa ezagutzara emango duten euskarriak jarriko dituzte plazan bertan. 

EH Bilduren babesari esker onartu da proposamena. Alde horreratik, Garoa Lekuona zinegotziak hausnarketa bat egin du. Izan ere, orain artean izenik ez zuten plazak emakumeen izenekin izendatu dituzte Hondarribian. Baina sortuko diren kale berriak, eta zaharrak berrizendatzeko aztertzea eskatu du koalizio subiranistako ordezkariak. «Orain arteko izendapenek ez dute inorren etxeko helbidea aldatu, eta plazak ez ezik kaleak ere izendatu daitezke, eta aztertu beharko da akaso hain balore etiko eredugarriak izan ez zituzten gizonezkoen kale izenak ote dauden herrian aldatzeko», azapimarratu du. 

Nolanahi ere, Maria Garro izenarekin bat dator EH Bildu. Baina Lekuonari ez zaio oharkabean pasatzen «hamaika emakumeren izenak pendiente daudela oraindik». Zentzu horretan, 1611. urteko maiatzaren 6 hartan, Maria Garrorekin batera Maria Etxegarai, Maria De Iñarra eta Inesa de Gaxen ere epaitu zituzten sorginkeriaz akusatuta, herriko haur batzuk salatu ondoren. Eta karguak onartu ez zituen bakarra izan zelako ezagunena Inesa de Gaxen bada ere, gerora Logroñoko Inkisizioak kargurik gabe txalupa batean Hendaiako mugan utzi eta betirako desagertu zen. Baina oraingo honetan Maria Garro hautatzearekin bat dator EH Bildu.

Oposizioaren abstentzioa

Proposamena, hala ere, ez da aho batez onartu. Izan ere, PSE-EE eta EAJ abstenitu egin dira. Sozialisten kasuan, frankismoak errepresaliatutako emakumeen izenak ere proposatu izan direla ohartaraziz, eta Kale Izendapenerako Batzorde Tekniko bat eratzeko eskatu dute. Jeltzaleek, aldiz, begirunez hartu dute Emekiren proposamena, baina aurreko agintaldian EAJ gobernua zela abiatutako dinamikari jarraipena eman behar zaiola uste badu ere, Maria Serrano bozeramaileak uste du, izena adosteko herritarren parte hartzea eskaxa izan dela.

«Faltan bota dugu benetako parte-hartzea, oraingo honetan Emekik erregistratu du, batzordean informazioa eman zaigu eta parrokiari jakinarazi zaio, baina ez da lanketa partekaturik egin, sentsazioa dugu erabakia aldez aurretik hartuta aurkezten zaigula», kexu da Serrano. Hain justu, aurreko agintaldian Mendeluko 'Los Planetas'eko Veronica Urkiola Lekuona plaza izendatzeko eramandako prozesua gogoan hartu du, Hondarribiko izendegia emakumeen izenekin aberasteko, Emekik aurkeztutako Emakumeen izenak Hondarribiko kaleetan proiektua zazpigarren plaza zena, non auzokideak ez zeuden Emekik proposatutako izenarekin ados, eta partaidetzari esker adostu zuten azkenik.  

Hala ere, eta Maria Garro begirunez hartu baina plenoan abstentzioarekin bozkatuta, emakumeen presentzia areagotzeko ekimenarekin bat datoz jeltzaleak, eta plazaren izendapenarekin batera, 1611 urtean gertatutakoaren dibulgazioa egiteko jarduerak antolatzea proposatu du.