Emakumeak eta pilota protagonistak izango dira asteburuan Jostaldin

Antxeta Irratia

Azaroaren 25ean Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, Emeki emakume elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu Hondarribiko Udalaren laguntzarekin. Horien artean, larunbatean 10:00etan Bixi-Bixi Emakume Pala Ttopara antolatu dute Jostaldin. Eta herriko pilotalekua Emakumezkoen Lau t'erdiko Txapelketa Nagusiaren Elite mailako partidak ere jasoko ditu igandean.

Euskal pilota protagonista izango da Hondarribiko Jostaldi pilotalekuan asteburu honetan. Eta emakumeen eskutik etorriko dira paladak eta esku hutsezko pilotakadak. Izan ere, Emeki emakume elkarteak antolatuta, azaroaren 25ean Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunaren programazioaren barruan, asteburu honetan Bixi-Bixi Emakume Pala Ttopara eta Emakumezkoen Lau t'erdiko Txapelketa Nagusiaren Elite mailako partida jasoko ditu Jostaldik larunbatean eta igandean. 

Larunbatean 10:00etatik 13:00era Bixi-Bixi Emakume Pala Ttoparan eskualdeko emakumeen pala partidak jokatuko dituzte. Gogoan hartu behar da 2019 urteaz geroztik Emeki elkarteak lanketa sakona egin duela kirol mailan. Eta ‘Eman Pilotari’ ekimenak antolatu izan dituzte haurren artean pala gizarteratu eta probatu dezaten. Maider Mendizabal munduko txapeldunaren bisitak ere jaso izan dituzte urteotan Talaia, Egiluze eta Ama Guadalupekoako ikasleek eskoletan, eta emakume erreferenteen bideari jarraituz, pala emakumeen ahalduntzeko tresna ere bilaka daitekeela ulertu dute haur eta gurasoek. Hala, proiektua martxan jarri eta urte gutxiren buruan 6-13 urte arteko hogei bat neska-mutil elkartzen dira asteartero, 17:00etan, Jostaldin pala hastapenak egiteko ikastaroetan, eta ondoren helduek ere entrenatzen dute. 

Helduen kasuan ere, Emekik azaroak 25 eta martxoak 8ko hitzorduen bueltan, edota herriko jaietan antolatu ohi ditu Bixi-Bixi Pala Txapelketa edo ttoparak. Eta herrikoak ez ezik, eskualde osoko emakumeak aktibatu eta martxan jartzea lortu dute palan joka dezaten. 

Igandean goi mailako pilota

Bestalde, asteburua borobiltzeko, Hondarribiko Udalak Emakumezkoen Lau t'erdiko Txapelketa Nagusiaren partida iragarri du igandean Jostaldin. Elite mailako partidak jokatuko dituzte 12:00etan: Arrillaga vs Barrola eta Etxegarai vs Betegi. Baina aurretik harrobia landu eta gozatzeko aukera emango diote Jostaldiko harmailetara hurbiltzen den orori. Izan ere, 10:00etan Gazteak, eta 11:00tan Promesak kategoriako partidak ere jokatuko dituzte. 

Sarrera dohainik izango da.