Igor Enparan Hondarribiko alkateak urrian iragarri zuen, Hondarribiko Udalak Hondartza futbol zelaia berritzeko obren lizitazio prozesua aurki abiatuko zuela. Hala, aste honetan jakinarazi dute kontratazio prozesuari ekin diotela, eta interesa duten enpresek abenduaren 14ra arte aurkeztu ahal izango dituztela beren eskaintzak. Kontratazio-prozesuaren epeak kontuan izanda, 2027 urte hasieran lanak esleitu eta obrak hastea aurreikusten dute.
Obraren gehienezko aurrekontua 1.221.829 eurokoa da, eta argitu dutenez, kirol-azpiegitura honen segurtasuna, funtzionaltasuna eta erabilgarritasuna hobetzeko helburua dute. Horretarako, egungo belar naturala sintetiko edo artifizialarekin ordezkatuko dute, eta argiteria berritzeaz gain, egungo ureztatze-sistema egokituko dute. Bestalde, zelaiaren drainatze-sisteman ere lanak egingo dituzte, euri-uren bilketa behar bezala kudeatu eta uholde arazoak sahiesteko. Udalak azpimarratu duenez, aldaketa hauei esker, zelaiaren erabilera aukera eta kalitateaz gain, segurtasuna hobetu eta instalazioaren mantentze-lanak eta kontserbazioa ere erraztuko dira.
«Hondarribia Futbol Elkarteak urte luzez egindako eskaerari erantzuteko beste urrats garrantzitsu bat da. Ondo dakigu Hondartza futbol-zelaia zeinen garrantzitsua den herriko kirolarientzat eta egunero instalazioak erabiltzen dituzten ehunka pertsonentzat», esan du Igor Enparan alkateak. Berritzeko premia handia duela gogoratu du, izan ere, eremuak pairatzen duen uholde-arriskuaz gain, gaur egun ez dira behar bezala bermatzen bertan kirola egiten duten pertsonen segurtasun-baldintzak.
16 urteko prozesu administratibo konplexua
Alde horretatik, Hondartza futbol-zelaia berritzeko proiektuak ibilbide administratibo luzea izan duela oroitarazi du alkateak. «Kudeaketa konplexua izan du, estatuaren lurren lagapena 2010ean iraungi zelako, baina 16 urte ondoren legealdi bakarrean lortu dugu baimena», argitu du. Espainiako Estatuak Hondartza eremuko jabetza udalari emateko epe luzeko prozedura kudeatzen ari diren bitartean, futbol zelaia, kiroldegiko obrak eta pump truck zein skate parkea berritzeko baimenak lortu ditu Hondarribiko Udalak aldi berean. «Ezin genuen gehiago itxaron», dio alkateak, eta Eusko Jaurlaritzarekin paraleloan landu duten 25 urterako lagapena berritu dute. Horri esker, lurren behin betiko esku-aldaketa lortu bitartean, udalak inbertsioak egin ahal izango ditu bertan.
Urrian iragarri zuenez, skate parkearena izango da aurrenekoa, urtea amaitu baino lehen hasiko baitituzte lanak 500.000 euroko inbertsioarekin. Baina Hondartza futbol zelaiarena da premia handien duena. Lursailen lagapena 2010ean iraungi baitzen, eta egoera horrek mugatu egin ditu azken urteotan instalazioetan egin zitezkeen jarduketak.
Oztopo hori gainditzeko, joan den uztailean 25 urterako lagapen-akordioa sinatu zuen Hondarribiko Udalak Eusko Jaurlaritzako Portu, Itsas Gai eta Itsasertzaren Zuzendaritzarekin. Hitzarmen horri esker, Hondarribiko Udalak instalazioetan hainbat inbertsio planifikatu eta gauzatu ahal izango ditu, Espainiako Gobernuak lursail horien emakida behin betiko ebatzi arte.