Hondarribiko alkateak argitu duenez, bi bide paralelo kudeatzen ari dira Hondartza eremuan. Batetik, epe luzera begirakoa, Espainiako Estatuaren jabetzakoak diren lurrak behin betiko udalaren esku geratzeko prozedura. Eta herritarren egunerokoan eragina duten kirol-instalazioak berritzeko lanak egin ahal izateko prozedura bestea, Eusko Jaurlaritzarekin lantzen ari direna, alkatearen arabera «ezin genuelako gehiago itxaron».
Alde horretatik, azken egunetan EAJ-PNVk Hondartza Eremuko lurrak Hondarribiko Udalaren jabetzakoak izateko prozedura egina dagoela aditzera eman badu ere, egin beharreko hiru urratsetatik lehena besterik ez da gauzatu Igor Enparan alkatearen arabera. «Estatuak lurrak beharrezkoak ez direla adierazi behar du», gogoratu du, «hau da, aitortu behar du lur horiek ez direla jada beharrezkoak kostaldea babesteko». Izapide hori iaz eman zen eta joan den uztailean onartu zuen Espainiako Gobernuak eskaera, baina «horrek berez ez ditu lurrak udalaren esku uzten», argitu du Enparanek. Hilabete honetan bertan, Hondarribiko Udalak jasotako baieztapenaren ondotik, lurren desafekzioa (bigarren urratsa) egiteko tramitazioa hasi du Ogasun Ministerioarekin. Eta Igor Enparanek iragarri duenez, «beste hainbeste denbora emango du urrats horrek, eta ondoren etorriko da lurren emakida sinatzea».
Joan den astean EAJ-PNVk salatu zuen, jeltzaleen Kongresuko taldeak PSOErekin Pedro Sanchezen 2023 urteko inbestidura akordioan adostutakoa gauzatzeko, «pilota Hondarribiko Udalaren teilatuan» zegoela. Maribel Vaquero diputatuak aditzera eman zuenez, «kirol eremuaren jabetza aldaketa onartua dago, Madrilen galdetu dugu eta Hondarribiko Udalaren zain daude ministerioan». Igor Enparan alkateak, aldiz, EAJk eta EH Bilduk Kongresuan egindako lana eskertzekoa dela aitortu badu ere, Hondarribiko Udalak 2023az geroztik egindako kudeaketa defendatu du. Eta jeltzaleek esandakoaren gainean hainbat ñabardura egin ditu.
Arnas luzeko kudeaketa
Argitu duenez, aipatutako prozedurak kontuan hartuta, Estatuaren jabetzakoak diren lurrak agintaldi bakar batean udalaren jabetzakoak izatera pasatzea «ezinezkoa» dela nabarmenduz. «Kudeatu behar da, zintzotasunez jardun behar dugu, eta esatea legealdi bakarrean gauzatu daitekeen zerbait dela ez da errealista», dio Enparanek. Hondarribiak Hondartza eremuko lurrekin hamarkada luzeetan bizi izan duen «egoera traketsa edo desegokiaren» antzeko adibideak jarri ditu. Bartzelonako Joko Olinpikoetan sortutako itsasbazterreko zenbait eremuen kasuan, esaterako, 20 urte behar izan ditu Bartzelonako Udalak estatuak lur horien emakida egin dezan.
Eta Bartzelonan bezala, Hondarribiko Hondartza eremuak ere badu berezitasun bat. Lurrak Estatuarenak direla, eta itsas-lehorreko jabari publikoaren barruan daude. Horrenbestez, Hondarribiko Udalak ezin du bertan nahi duen moduan esku hartu, eta obrak egiteko baimen eta izapide bereziak behar ditu. Lurren lagapen hitzarmenen bidez egin izan dute 1980. urteaz geroztik, baina hauek iraungi diren momentutik, udalak ezin izan du eremu horretan dauden instalazioetan inbertsiorik egin. Hondartza kiroldegiaren lursailaren hitzarmena 2025ean iraungi zen, futbol zelaiaren kasuan, 2010ean.
Hondarribiko Udala eskumenik gabe ibili da urteotan guztiotan, inbertsioak egin ezinik. Eta bistan denez, Estatuak jabetza emango zuelakoan, ez du lurren lagapena berriz kudeatu orain artean. Izan ere, egoera honen aurrean, lursailen lagapena luzatzea bazuen aurretik ere. Baina Hondarribiko Udalaren helburua lurren jabetza eskuratzea dela nabarmendu du alkateak. «Gureak diren lurrak herriak kudeatu ahal izatea nahi dugu, bertan egin beharreko inbertsioak egin ahal izateko», gogoratu du Enparanek, «eta epe luzera begira Espainiako Estatuari 2023an luzatu genion lurren emakida egiteko eskaera». Baina esan bezala, Espainiako Gobernuarekin lurrak behin betiko udalaren esku gera daitezen prozedurak epe luzeak eskatzen dituela aintzat hartuta, Hondarribiko Udalak bigarren prozesu bat landu du hiru urteotan paraleloan, Eusko Jaurlaritzarekin, lurren lagapena 25 urterako luzatu eta obrak egiteko baimena eskuratzeko. Hala beraz, bata etorkizunerako, eta bestea orain bertan bertan inbertsioak egin ahal izateko.
Lau kirol-instalazio berritzeko baimena
Bistan denez, Eusko Jaurlaritzarekin abiatutako lanketak emaitzak eman ditu. 2026ko uztailean eremuaren lagapena formalizatu baitzuten 25 urterako edo Estatuaren emakida gauzatu arte. Eta horri esker, lau obra egiteko baimena izapidetu ahal izan ditu Hondarribiko Udalak.
Batetik, skate parkea berritzeko lanak esleitu dituzte, eta datozen egunetan kontratua sinatuta, udal aurrekontuetan 500.000 euro inguru onartuak daudenez, lanak urtea amaitu baino lehen hasiko dira udaberrian prest egoteko asmoz. Bestetik, 2025eko urtarrilean emandako sutean kaltetutako kiroldegiaren sauna eremuan obrak egiteko baimena lortu dute urriaren 26an. Bertan 1,3 milioi euro inguruko inbertsioa egingo dute, eta proiektua prest dute. Aurki lizitaziora aterako dute obraren kontratazioa.
Antzeko egoeran dago ere, futbol zelaiaren belarra aldatzeko proiektua. Urtetan luzatu bada ere, alkateak iragarri du obrak lizitatzeko deialdia laster argitaratzea aurreikusten dutela. «Kudeaketa konplexua izan du, lurren lagapena 2010ean iraungi zelako, baina 16 urte ondoren legealdi bakarrean lortu dugu baimena, eta urte amaierarako kontratazioa egitea aurreikusten dugu», argitu du Enparanek. Zelaia berritzeko premia handia dagoela azpimarratu du, uholdegarritasun egoera pairatzen duen eremu delako, eta obrarako baimena lortu berri dutelarik, udalak 1,2 milioi euroko aurrekontua du obra egiteko.
Pump track guneari dagokionez, proiektua idatzita dagoela esan du, eta lanak egiteko baimena eskatuko dute orain. Hurrengo urratsa obrak lizitatzeko prozedura abiatzea izango da, eta beraz, lau inbertsioetatik azkena izango da, kasu honetan, 360.000 euro ingurukoa.
Azken egunetan jasotako kritika guztien aurrean, Hondartza eremuaren korapiloa askatzeko udalak 2023az geroztik egindako lana balioan jarri du Igor Enparanek. «Hau da kudeaketa egitea, hainbat hamarkadetan lagapena iraungita, eta herritarrok pairatu ditugun ondorioak konpontzeko tramiteak egin ditugu agintaldi bakarrean», azpimarratu du.