1976an sartu zen lehenik frantses irakasle Juanita Alkain hondarribiarra, Franco diktadorea hil berritan, Txingudi Ikastolan. Azkar atera zuen euskaraz irakasteko titulazioa, eta ikas-materiala ugaritzen eta ikasleak ikastoletan matrikulatzen ari ziren garaian, loraldiaren erdian izan zen Juanita.
Ikastolaren egoitza ezberdinak eta Jaitzubirako aldaketa, laguntasun eta gatazkak, militante izaera eta emozioak izan ditugu bertzeak bertze hizpide, lau hamarkada inguruko irakasle ibilbidearen laburpen.
1979an hasi zen Irungo Txingudi Ikastolan irakasle Martxel Telletxea beratarra. Artean ikasketak bukatzen ari zela, maisu euskaldunen beharra zela sartu zen ikastolan.
Bizitza ikastolari eman dio Martxelek; ikastolak ere eman dio bizia. Lehen urteetako engaiamenduak, guraso eta ikasleekin harremana, euskararen aldeko engaiamendua, ikastolaren publifikazioa, 1988ko Kilometroak... Hamarkadatako ibilbideaz sakon aritu gara Martxel Telletxearekin egungo Oiasso Museo atarian; ikastolaren egoitza izan zenaren lekuan.
Elbira Zipitriaren ikasle izan ziren Belen Hernandez eta Xabier Muñoz donostiarrak. Diktadura garaian, haur izanik, ez ziren ohartzen haien egoera bereziaz; gerora, irakasleen baina baita haien gurasoen ausardiaz jabetu dira.
Neskek eta mutilek elkarrekin ikasteaz, Zipitriaren metodo pedagogikoez edo ikastolatik atera eta eskola espainiarrera joatearen talkaz aritu zaizkigu Belen eta Xabier. Gerora, irakasle izan da Belen erretiroa hartu arte, eta ofizioaren bilakaeraz eta egungo eskolen eta hezkuntza sistemaren egoeraz hausnartu du ere.
Elbira Zipitriaren deiari erantzunez, andereño bilakatu zen Kontxita Beitia. Donostian eta Pasaian ibili zen, klandestinitatean lehenik, Zurriola ikastolaren sortzaile ondotik. Imanol Antza izan zen bere ikasleetako bat.
Irakasle bilakatzeko Zipitriaren formakuntzez aritu zaigu bata, ikasle gisa irakatsi zizkioten jakintza eta baloreez bertzea. Kantuak, Euskal Herriko geografia, nortasuna eta hizkuntzak, hezkuntzaren erdigunean izan zituzten guztiak.
Jon Ander eta Aitor Aizpurua Arzelus anaiak dira, donostiarrak eta frankismo garaiko lehen ikastoletako ikasle izanak. Etxean zuten ikastola, Itziar Arzelus Arrieta ama andereñoa baitzen. Elbiria Zipitriak formatu zuen Itziar Arzelus, eta amarekin hasi ondoren Zipitriarekin ere ikasi zuten Jon Ander eta Aitorrek.
Ikastolako ikasle izaera ezkutatu beharraz, inguru sozialaz, etxea ikastola izateaz, ikastolaren ondorengo eskola espainolez eta gaur egungo hizkuntza eta hezkuntzaren egoeraz luze eta zabal aritu zaizkigu Aizpurua Arzelus anaiak.