Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako Bilbon deitu duen euskararen aurkako oldarraldia salatzeko manifestazio nazionala historikoa izan daitekeela uste du Txingudiko euskalgintzak. Irun, Hondarribia eta Hendaiako euskal eragileek (Blagan, Mintzaian, Aitzondo euskara taldeak, Irunabar, Betti Gotti eta AEK) autobus bat antolatu, eta astebetean bigarren bat ere bete egin dute eskualdetik Bilbora joateko. 2021ean Irungo 12 udaltzainen lanpostu deialdian euskara eskakizunari CCOO sindikatuak aurkeztutako helegitea epaileek onartu ondotik, azken hilabeteetan epaitegietatik euskararen aurka ateratzen ari diren ebazpen sortaren aurrean beren kezka eta haserrea erakutsiko du euskalgintzak larunbatean, 17:00etan Bilboko Euskaldunatik abiatuta.
Eta Txingudi bailarako euskalgintzak bat eginik egindako deialdiak jaso duen harrera baikorra azpimarratu du Irungo AEKko koordinatzaileak, Beñat Alzagak. «Larunbateko Bilboko manifestazio nazionala historikotzat jotzen du Irungo AEKko ordezkariak. Ez dut gogoan euskara ardatz izanda, halako deialdi bateratu handia inoiz egin denik, euskararen alde, baina beste behin ere tamalez, euskararen kontrako eraso bati aurre egiteko», dio.
Mailukada bortitza
Izan ere, euskalgintzak salatu duenez, euskal hiztunon eskubideak daude jokoan. «Baina horren atzean zer dago?» galdetuko dute askok. Beñat Alzagak argi du udalei eskumenak kentzea dagoela jokoan. Normalizazio prozesuan urratsak emateko udal politikak egiterakoan. «Epaiak funtsean ez du aintzat hartzen euskararen eta euskal hiztunon egoera minorizatua. Eta hortik eragin behar da, lehentasuna eman, inor zapaldu gabe, noski». Izan ere, hori da politika publikoen egitekoa bere ustetan. «Gutxiagotasun egoeretan dauden kolektiboen egoerak zuzentzeko politikak egitea, eta azken epai honek ez du aintzat hartzen», azpimarratu du.
Aitortu du halere, gero badaudela «arnas txikia» ematen duten neurriak: «Euskara ikasteko laguntzak, euskararen erabilera bultzatzeko dirulaguntzak… baina egunerokoan pertsonari eragiten dioten horietan, mailukada gogorra eta betiere legea pintzekin hartuta» salatzen du Alzagak. Zentzu honetan, udal zerbitzu publikoetako langileak euskaraz hitz egiteko gai behar dutela aldarrikatzen du, eta horretarako marko juridiko egokia behar dela. Horiek hala, tokian tokiko erakundeei ez ezik, Nafarroako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari eta Ipar Euskal Herriko Euskal Elkargoari ere, «herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko politika ausartak» galdegin dizkie. «Aterako gara kalera, atera behar garen aldiro Espainiak eta Frantziak entzun dezaten hemen badagoela herri bat, komunitate bat, euskal ekosistema bat euskaraz arnastu nahi duena eta arnasten jarraituko duena».
OHARRA: Hendaia-Irun-Hondarribitik antolatutako bi autobusetako 110 plazak bete dira. Baina izena eman eta joan ezingo duen orori jakinarazteko eskatu dute antolatzaileek irun@aek.eus edota 688 746 636 telefonora. Beste norbaitek lekua probestu dezan.