Azken urteetan auzitegietatik euskararen sustapena eta normalizazioa helburu duten hainbat neurri gelditzeko sententzien kontra mobilizatzeko deiarekin bat egin dute Txingudi bailarako hainbat euskal eragilek.Oldarraldi judizial horren aurrean, bat eginik Bilbora joateko animatu nahi izan dituzte bidasotarrak. Irungo AEKk, Betti Gotti Euskara Kultur Elkarteak, Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunea, eta Hondarribiko Blagan, Irungo Aitzondo eta Hendaiako Mintzaian euskara taldeek bat egin dute deialdiarekin. Irungo San Juan plazan egindako agerraldian euskararen normalizazioaren aurkako aurreneko sententzia ekarri dute gogora. 2021eko Irungo hamabi udaltzain lanpostuetarako deialdietan euskaraz jakiteko eskakizuna onartu zuen udalak, baina erabaki horren aurka salaketa jarri zuen CCOO sindikatuak.
Auzitegiak sindikatuaren alde jo eta udalaren eskakizuna «diskriminatzailea» dela euskara ez dakitenentzat ebatzi zuen. Udalak ebazpenari helegitea jarri zuen baina hura ezetsi egin zuela gogoratu dute, eta haren ondotik iritsi diren beste ebazpen batzuk bezala, beste asko iritsi daitezkeelakoan daude, "ez dira sententzia isolatuak, erdara euskarari inposatu eta euskaldunek administrazioan arreta euskaraz jasotzeko eskubidea urratzeko borondate politikoa" ulertzen dute erabaki horien atzean.
Hegoaldeko auzitegietatik datorren erasoa bada ere, "Txingudi da gure bailara, eta euskararekin bat egin eta euskal hiztunon eskubideak defendatzeko mugarik ez dagoela" diote Hendaiako Mintzaian taldekoek. Hala, autobusa antolatu dute eskualdetik azaroaren 4an Bilboko Euskaldunatik 17:00etan abiatuko den manifestaziora joateko. Hendaiako Santiago Zubi ondoan dagoen Philippe Roy okindegiko geltokitik abiatuko da 14:30tan, Irungo San Juan plazan 14:45etan geldituko da, eta Hondarribitik ere pasako da 15:00etan, Ama Guadalupekoa ikastetxe pareko geltokitik. Lekuak erreserbatzeko (12 eurotan) irun@aek.eus helbide elektronikora idatzi edota deitu zein whatsappez idatzi 688 746 633 telefono zenbakira. Era berean, autobusa Irundik hartu nahi dutenek, Hazia kultur elkartean eta Aranaztarra ostatuan ere izena eman dezakete.