Real Union aktualitate gai da azken orduetan, zelaian egindakoagatik baino, bulegoetan hartutako erabakiengatik. "Lurrikara ttipi bat" sortu da atzo Antxeta Irratian, Kiroletik saioan (astelehen eta ostiralero 15:00etan) Jean Pierre Harocarene kazetariak iragarri zuenaren harira. Talde txuribeltzak Donostiako Realarekin dituen harremanak apurtzea deliberatu du. Oraindik ere, bi klub gipuzkoarren arteko hitzarmenaren eteteak noraino izango duen eragina argitu beharra dago halere. Talde profesionalaz haratago, harrobia lantzeko urte luzetan daramaten elkarlan guztia bertan behera geratuko ote duen ala ez, ez baitute oraindik zehaztu. Baina Real Unioneko zuzendaritzak Realari hartu duten erabakia komunikatu egin diote dagoeneko. Zentzu honetan, klub irundarraren egitura osoari, o berrantolatu dituen futbol eskola eta harrobiari, zeina sortu berri duen emakumezkoen Mariño-Real Union taldeari ere eragingo ote dion argitu beharko da.
Bien bitartean, Real Unionek Ingalaterrako Aston Villa klubarekin akordio bat erdiesteko lanetan dabil. Dirudienez, klub irundarrak diru bat jasoko luke (gaur egun Realarekin bezala) hitzarmen baten baitan. Hain justu, Unai Emery (Real Unioneko akziodun nagusia) da haien entrenatzailea. Baina oroitarazi beharra dago, Birminghameko klubaren kapitala arabiar jabegokoa dela, eta "Euskal Herrian ez dugu horrelako egitura eta hartu-emanetan esperientziarik, baina erabaki arriskutsua da" azpimarratu du Jean Pierre Harocarene kazetariak Kiroletik saioan.
Era berean, eskualdeko zein Gipuzkoako gainerako klubekin dituen harremanak ere zertan geratuko diren zalantzan da. Gipuzkoako Futbol Federakuntzak ez du oraindik baloraziorik egin nahi izan. Manu Diaz, federazioko presidenteak "klubaren negoziaketak errespetatu" nahi ditu, eta hitzarmenen baldintzak zertan diren zehaztuko direnean emango du bere ikuspegia.
Bestalde, Real Unionek Irungo Udalarekin zein Gipuzkoako Foru Aldundiarekin dituen babes eta elkarlanerako hitzarmenak kontuan hartuta, hainbat bilera hitzordu dituzte agintariekin hurrengo egunetan, klubak hartu duen erabakiaren berri emateko.