Duela bost urte abian jarri zuen Irungo Udaleko Ongizate arloak programa. Eta orain artean Palmera-Montero gunean antolatzen zituzten jarduerak, berriki martxan jarri duten Irungo Emakumeen Etxera lekuz aldatu dituzte ikasturte honetan. Eta gaur egun 30 bat emakume ari badira ere, hiriko emakumeen %15ak kanpoko jatorria duela aintzat hartuta, programa honek askoz ere gehiagori fabore egin diezaion desio du udalak.
Itsasne Galardi programa honen koordinatzailea izan dugu Goizeko Kafean gonbidatu. Eta aipatu digunez, “emakume migrante eta ez migranteen artean harremanak estutzen jarraitzeko” eginahaletan ari dira. Haien arteko esperientziak partekatu, eta behar izanez gero, enplegu bilaketan ere laguntza jaso dezakete programa honetan. Baita euren ikasketen titulazioen homologazioan aholkularitza jaso ere. Izan ere, atzerritik iritsi eta haien lanbidean ezin lan egin izateak, prekarizazioa ohi dakar. "Askotan prozesua hain zaila da, hutsetik hastea erabakitzen dutela, beste ikasketa batzuk hasi, eta bitartean lan prekarioak egitera behartuak daude", nabarmendu du programaren koordinatzaileak.
Bestalde, autoestimua indartzeko ekintzak ere antolatzen dituzte haiekin. Izan ere, "emakumeak, etorkinak eta kasu askotan arrazializatuak izateaz gain, indarkeria matxistaren biktima ere badira haien artean". Diskriminazioaren trentza horren baitan, emakumeen jatorria anitza den bezala, haien diskriminazio iturriak ere ugariak direla aitortu digu.
Dena den, Gure Artean programa haratago doa. Izan ere, bere funtsezko helburua betetzeko duela bi urte bertako jatorria duten "emakume autoktonoei" ere zabaldu zuten. Gizarte kohesioa bultzatzeko eta emakume hauen integrazioa lortzeko, bertako jatorria duten Irungo emakumeen partaidetza garrantzitsua dela deritzo. Programan izena emateko (dohainik) telefonoz 943 505 635/602 218 196, emailez mediacion@irun.org edota Istillaga plazan dagoen Irungo Emakumeen Etxean galdetu behar da.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!