Irungo Udalak aspaldiko urteetan jasangarritasunaren eta energia-berriztagarrien alde egina duen apostuaren irudiko da Iraun haurreskolaren teilatua Borja Olazabal udal ordezkariaren ustetan. 2021ean abiatutako proiektuak zailtasun administratiboak izan baditu ere, autokontsumo kolektiborako instalazio fotoboltaikoa Irungo Iraun haurreskolan martxan jarri berri dute. Hezkuntza zentro honek ez du instalazio honen 17,5 kW orduko ekoizpen guztia kontsumitzen, eta beraz, soberakina udaletxea eta CBA Kulturgunea hornitzeko bideratuko du udalak. Ez bertako kontsumo osoa estaltzeko, noski. Baina bietan "24 orduko kontsumoa duten zerbitzarietara bideratu daiteke, adibidez, beti martxan dituztela", argitu du Andondi Arroitajauregi teknikariak.
Honakoa tamaina txiki-ertaineko instalazioa dela azpimarratu du, eta mota hontako aurreneko da udal eraikinetan, baina ez azkena. Izan ere, 2024an Azken Portu kiroldegian 75 kW potentziako instalazio handiagoa iragarri du udal ordezkariak. Eta 2025erako beste bat aurreikusten dute Elatzeta ikastetxeko haur hezkuntzako eraikinean ere.
Energia burujabetzaren bidean
Proiektua garatu duen Andoni Arroitajauregik azaldu digunez, "instalazioak ekoizten duen energia zuzenean kontsumitzen da, ez du bateriarik, eta udalak dituen kontsumo-puntu ugariak aintzat hartuta oso instalazio eraginkorrak dira. Baina autokontsumorako direnez ez ohikoak dira, eta prozesua konplikatua izaten da". Zentzu honetan, autokontsumo kolektiboko instalazioen proiektuetan orohar atzerapenak izaten ari dira. "Banatzaile elektrikoarekin legeztatzeko tramiteengatik, 2022an instalazioa amaituta zegoen, baina ezin izan da orain arte konektatu", aitortu du Borja Olazabal zinegotziak.
Bestalde, udal-eraikinetan autokontsumoa garatzeko ekimenez gain, energia-komunitateen esparruan ere autokontsumoa sustatu nahian dabil udala. Eta iragarri dutenez, euren espazioa horretara bideratzeko prest egon daitezkeen industria-sektoreko hainbat enpresekin harremanetan sartu dira dagoeneko. Gero herritarren eremura zabaldu ahal izatea da helburua", argitu du Olazabalek, "baina energia-komunitateak sortzen laguntzeko enpresek espazio eta baliabideak dituztenez, haiei aukerak aztertzeko eta ea interesik dagoen ikusi nahi dugu".