Irungo erdiguneko trafikoaren eragina aztertzeko, aire kalitatearen neurketak egingo dituzte bi hilabetez

Koldo Nausia 2023ko aza. 9a, 07:01

Isuri Apaleko Eremua 2024an ezarri baino lehen, zirkulazio handiko guneen eta oinezkoen eremuen artean aire kalitatearen aldea konparatzeko neurketak egingo ditu Irungo Udalak datozen hilabeteetan. Colon-Gipuzkoa etorbideen arteko bidegurutzean kokatu dute behin-behineko estazio edo neurgailua. 

Irungo Udalak baieztatu du Isuri Apaleko Eremua 2024an zehar ezartzera behartzen duela legeak. Halere, erdigunea trafikoari itxi baino lehen, eremua zehaztu beharra du Mugikortasun Planak. Eta prozesu horretan, Colon pasealekua eta Gipuzkoa etorbidearen arteko bidegurutzean airearen kalitate neurketak egingo dituzte. "Hirierdiko trafikoaren puntu adierazgarria da, Irungo kotxe gehien biltzen dituen gunea da", dio Borja Olazabalek, Ingurumen eta Mugikortasun udal ordezkariak. Horregatik, bertan airearen kalitatea neurtuko dute bi hilabetez.

Atzo (azaroak 8) hasi ziren, eta ondoren San Juan-Etxeandia eremuan ere egingo dituzte neurketak, datu batzuk eta besteak alderatu ahal izateko. Olazabalek argitu duenez, "gune horretan dagoeneko oinezkoentzako espazio handiak irabazi ditugu azken urteotako eskuhartzeekin". Eta beraz, etorkizunean Isuri Apaleko Eremu batek ekarriko dituen onuren irudiko izan daiteke.

Oroitarazi beharra dago, Eusko Jaurlaritzak 2014a arte airearen kalitatea neurtzen zituzten neurgailu finkoak zituela Irunen instalatuak. Eta apurtu egin zirelarik, udalak hainbatetan eskatu izan ziola konpontzeko. Baina Ingurumen eta Mugikortasun udal ordezkariak argitu duenez, airearen kalitatea ona zela ondorioztatuta neurketak egiteari utzi egin zioten.