Jakinarazi dutenez, Lapurdiko hiriburuan lekukoaren barruko mezu sekretua irakurtzearekin batera, egun osoko jaia izango da bertaratzen direnentzat. Harro herri da 23. Korrikarako aukeratu duten leloa. Korrikaren arduradun Ane Elordik eta AEKren Artekaritza Kontseiluaren lehendakari Aitziber Balantzategik azaldu dutenez, «azken edizioaren parte hartze masiboak argi utzi zuen gure hizkuntzaz harro gaudela eta guztion artean komunitate sendoa osatzen dugula».
Hortaz, datak, irteera eta helmuga, leloa eta omendua ere jakinarazi dute. Baina ibilbide zehatza oraindik ez dute argitu. Eta gure eskualdean izango den abiapuntuari dagokionez, Irungo AEKk deialdi masiboa egin du larunbata honetan 12:30etan Irungo San Juan plazan egingo duten agerraldira ahal bezainbat jende hurbiltzeko. Bertan jakinaraziko baitute abiatze egunean antolatutako ekimenak. «Ilusio handiz hartzen dugun erronka itzela» izango dela iragarri du Maddi Sanz Irungo AEKko kideak.
Omenduari dagokionez, datorren Korrikak Ipar Euskal Herrira begiratuko du. Azterketak Euskaraz omenduko dute, baxoa eta brebeta euskaraz pasatu ahal izateko Ipar Euskal Herriko gazteek urtetan eramandako borroka aitortuz.
Peio Jorajuriak (Azterketak Euskaraz) «biziki harro» dagoela aitortu digu AEKk ikasleen mugimendua omendu izanarekin.