23. Korrika Irundik abiatuko da martxoaren 14an, eta Baionan ikusiko ditu bere azken urratsak ematen 10 gau eta 11 egunez Euskal Herri osoa trebeskatu ondotik. Lapurdiko hiriburuan lekukoaren barruko mezu sekretua irakurtzearekin batera, egun osoko jaia izango da bertaratzen direnentzat. Baina Irundik abiatuko denerako ere, egun handia prestatzen ari dira Bidasoko AEKko ordezkari eta Korrika Batzordeko bolondres sare zabalak.
Harro herri da 23. Korrikarako aukeratu duten leloa. Eta harrotasunez hartu dute bidasotarrek, eta irundarrek bereziki erronka. Ibilbide osoa ez dute oraindik argitu, eta batek daki Bidasoa eskualdea berriz ere zeharkatu beharko ote duen 11 egun horietan Ipar Euskal Herrirako bidean.
Haatik, momentuz martxoaren 14a gorriz markatua dute bidasotarrek. Baita azaroaren 18a ere. Larunbata honetan Irungo AEKk deialdi masiboa egin baitu 12:30tan Irungo San Juan plazan egingo duten agerraldira ahal bezainbat jende hurbiltzeko. Bertan jakinaraziko dute abiatze egunean antolatutako ekimenak. «Ilusio handiz hartzen dugun erronka itzela» izango dela iragarri du Maddi Sanz Irungo AEKko kideak. Berarekin eta Mattin Sortzabalbehererekin mintzatu gara Korrikaren aurkezpenean.
Omenduari dagokionez, datorren Korrikak Ipar Euskal Herrira begiratuko du. Azterketak Euskaraz omenduko dute, baxoa eta brebeta euskaraz pasatu ahal izateko Ipar Euskal Herriko gazteek urtetan eramandako borroka aitortuz.