INGURUMENA

Hondakinak gutxitzeko eta eboluzionatzeko prest diren familiak bilatzen ditu Txingudi Ekoetxeak

Koldo Nausia 2023ko aza. 22a, 11:48

“Ez zaitez biltzen utzi” izeneko esperientzia antolatu du Txingudi Ekoetxeak Plaiaundin azaroaren 25ean larunbatarekin. Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen baitan, hondakin sorrera gutxitu eta ekonomia zirkularraren gurpilan murgiltzeko joko-erronkak proposatuko dizkiete 5 urtetik gorako haurrak dituzten familiei.

Azaroaren 18tik 26ra ospatzen ari den Hondakinen Prebentziorako Europako Astea dela eta, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren ingurumen zentroen sareko kideak diren EAEko hiru Ekoetxeetan Ez zaitez biltzen utzi esperientzia antolatu dute. Sortzen ditugun hondakinak birpentsatu eta ekonomia zirkularraren 7+1 ezaugarrietan sakontzeko aukera emango diete familiei beste hainbeste txokotan antolatutako erronkak proposatuz. 

'Chip' aldaketa

Eva Montoya, Txingudi Ekoetxeko koordinatzaileak azaldu digunez, Txingudi Ekoetxetik urte osoan zehar ingurumen hezkuntzari lotutako jarduerak antolatzen dituzte. "Gaur egun eskualdeko eskoletan lan handia egiten bada ere, gure egunerokoan, familia giroan, aisialdian ere aldaketa sustatu nahi dugu", dio.

Zentzu honetan, EUSTAT estatistika erakundearen datuen arabera, EAEn batez bestean 485 kilo hiri-hondakin sortzen ditugu biztanleko urtero. Eta horietatik 50 kilo ontziak dira. Horren inguruan hausnartzera eraman nahi dituzte familiak. "Edozein naturgunetan, Plaiaundin ere, tamalez hondakinak ikusten ditugu askotan, eta gehienak ontziak izan ohi dira", dio Ekoetxeko koordinatzaileak, "horregatik ekonomia zirkularraren eskutik eboluzionatzeko garaia iritsi da".  Eta horretarako, "chip aldaketa" bat behar egin behar dugula aldarrikatzen du. "Orain arte egia da ekonomia lineala izan dela gure ardatza: ekoiztea, erabiltzea eta botatzea. Eta duela zenbait urte martxan jarri zuten hondakinen kudeaketan murriztu, berrerabili eta birziklatu behar genuela, baina hori ere motza geratu zaigu", argitzen du.  

Ikasturte honetan ideia honetan sakontzeko jarduera gehiago antolatuko dituzte. Baina momentuz, azaroaren 25 honetan goiz eta arratsaldez, 4 familiako taldeetan esperientzia honetan parte hartzeko deialdia luzatu dute. Familia guztiek sariak eskuratuko dituzte gainera. 

Jarduera dohakoa da, eta izena emateko www.ekoetxea.eus atarian egin daiteke.