PSE-EEko kideak 21 urte egin ditu Santanok Gipuzkoako bigarren hiri populatueneko alkatetzan, baina seigarren agintaldia hasi berria duenean utziko du Espainiako Gobernuan garraio arloan ardurak hartzeko. Maiatzeko udal hauteskundeetan "oraindik ere Irunen alde lan egiteko ilusioa" zuela esan zuen Antxeta Irratian, eta bi hamarkada luzeotan aurreikusitako guztia ez zuela egitea oraindik lortu aitortu zuen baina "hiria transformatu eta garrantzitsuena" baietz, lortu duelakoan dago.
Promesak zorretan eta lorpenak
Zentzu honetan, 2000. hamarkadan udalak bildutako 24 bat miloi euroko zorren gehiengoa kitatzea lortu du azken urteetan. Proiektuei dagokienez, zintzilik uzten dituen agerikoenak dira, Plaiaundiko kirol pistak Txenpereneara lekuz aldatzeko 25 urtez luzatu den prozesua. Itxaroten jarraitzen dute Bidasoa Atletiko Taldeak eta Txingudi Rugby Klubak. Etxebizitza publikoaren arloan ere, urteotan bildutako 1.200ndik gora etxe sozialen defizita arinduko duen San Migel-Anaka proiektua ez da oraindik eraikitzen hasi, eta momentuz, Oinaurreko promozioa izan da horri bideratutako proiektu handi bakarra urteotan guztietan. Anartean, 2.200 lagun inguru daude Irunviko zerrendetan alokairu sozial baten eskatzaile gisa, 65.000 biztanle dituen hirian.
Aduanen itxieraren ondoko hiriaren eredu ekonomikoaren transformazioa ere, erdibidean geratu da. Komertzioak Irunen bizi duen gainbehera ikusita, eta ekonomia arloan, orohar, Gipuzkoako 88 udalerritatik azken aurrekoa baita Irun renta per capitari dagokionez. Arlo sozialean, aldiz, adineko zein haurrei begirako udal zerbitzu eta instalazio sare oparoa sortu du udalak bi hamarkadaotan, auzoz-auzoko adineko zentroekin, edota haurtxokoekin adibidez. Eta UNICEF erakundeak hiria Haurren Lagunen Hiria izendatu zuen 2021ean.
Bestelako promesetan, azken asteotan iragarri dituen Ficoba kanpoaldeko pabilioi erabilanitza egiteke utziko du Madrilerako bidea hartzen duela. Aldiz, FICOBA bera sortu eta martxa onean uztea lortzen du, baita erreferentzia bilakatu den Irungo erromatar historiaren Oiasso Museoa ere. Era berean, Ikust-Alaia udal liburutegi zaharra ordezkatu duen CBA Kulturgunea izan du urte luzetan proiektu ikurra, baita horri lotutako San Juan plaza inguruaren berrantolaketa guztia ere. Aldiz, proiektua borobildu behar zuen kultur auditorioa bidean geratu da.
Era berean, estatu mailako garraioaren idazkari bilakatuko den honetan, Irun "Ciudades Que Caminan" sareko kidea izendatu, eta mugikortasun jasangarriaren arloan saritua izatea lortu du udalak. Irun 30 Hiria izaten EAEn aitzindari bilakatu zen 2010. urtean bere kargupean, eta IrunBus garraio sarea hein handi batean elektrifikatuta, baita hiriaren transformazioa ekarriko duen VIA IRUN trenbide eremuaren proiektua lehen urratsetan uzten du ere 2011tik administrazio desberdinekin adosteko lan handia hartu eta gero. Gaur bertan, 19:00etan bilkura irekia deitu baitu tren geltokian, estatuaren laguntzarekin 65 milioi euroko inbertsioa eskatuko duen intermodal berriaren obrak hasi berri direnez, horren berri herritarrei emateko asmoz. Hain justu, trenak eta garraioa izango du bere eskumenen artean Espainiako Garraio Idazkari postu berrian, Irunen bezala estatuko ehunka hirietan pil-pilean den 2030 Agenda eta Isuri Eremuen aplikazio garai betean.
Irunek zorretan dituen azken urteotako proiektu garrantzitsuetan, aldiz, Eusko Jaurlaritza edota Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean burutu beharreko hainbat zerrendatu daitezke. Inguruko erakunde publiko eta agintariekin izandako harreman zaputzak ez ditu hauek azkartzen lagundu. Eta horren irudiko ditugu, Osasun Bidasoa Plataformak aldarrikatzen dituen aspaldiko anbulategien beharra, edota Irungo hiria zeharkatzen duten errepide-sare kaxkarrak behar dituen hobekuntzak, besteak beste.
Lekuko sozialista
Hobeto ala okerrago, baina 18 urte zituela estatuko zinegotzi gazteena bilakatu zenetik, Jose Antonio Santanok bizitza osoa eman du Irungo udalgintzan lanean. Urteotan guztiotan Madrilen senatari zein Gasteizen Justizia sailburu izendatua izateko zurrumurruak jakinarazi izan direnean adierazi izan du, bere helburu eta "ametsa Irungo, nire hiriko alkate" izatea zela, "ez dago ohore handiagorik" azpimarratuz. Baina azken 21 urteak alkate gisa eman eta gero, 2002an berak Buen Lacambraren lekukoa hartu zuen bezala, utziko du orain 24 urte zinegotzi izan den Cristina Laborda Albolea sozialistaren esku. Honek hartuko du bere lekukoa gaurko udalbatzan. Sozialisten hauteskunde zerrendetan bigarrena izendatuko dutela iragarri baitute.
Ikustekoa dago oraindik honek nolako eragina ukan dezakeen Irungo udalgintzaren joko politikoan. Maiatzeko udal hauteskundeak eta gero, Santanok EAJk eta PPk abstentzioa eman ondoren eskuratu baitzuen alkatetza, eta PSE-EE gutxiengoan ari da gobernatzen. Jose Antonio Santanok negoziaketarako eta "desberdinekin akordioak lortzeko" gaitasun handia erakutsi du 21 urteotan, hauteskundeetan gehiengoa lortu ez duenean PP, EAJ baita ELKARREKIN PODEMOS taldearekin ere, gobernu koalizioan aritzeko akordioak itxi izan baititu.