Kepa Ordoki zendu zela 30 urte direla eta, omenaldia antolatu dute larunbatean

Antxeta Irratia 2023ko aza. 27a, 13:57

Azaroaren 28an 30 urte beteko dira Kepa Ordoki, Gernika batailoiko komandantea zendu zela. Urtemuga hori gogoan hartuko du haren izena daraman Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak. Irungo Gernikako Arbola parkean elgarretaratzea deitu dute aurten, bere Hendaiako hilobian beharrean, abenduak 2an (12:00etan).

Efemeridea aitzaki hartuta aurkeztu zuen elkarte memorialista honek bere burua 2018an ere. Elkarte memorialistak Kepa Ordokiren heriotzaren 25. urtemugarekin batera sortu baitzuten, Gerla Zibilaren eta frankismoaren biktimei aurpegia jartzeko helburuarekin. Mañolo Susperregui, Joserra Enparan, Koldo Salinas edota Karlos Santiagok osatutako elkarteak, "Bidasoa bailaran askatasuna, demokrazia eta justizia sozialaren alde borrokatu edo bizitza eman zuten pertsonen oroitzapen historikoa berreskuratzea" du helburu. Eta Bidasoa eskualdeko memoria historikoan sakontzeko lan eskerga handia egin du urteotan. 

Eta ez zuten kasualitatez Kepa Ordoki izena hautatu. Ordoki Hendaiako hilerrian dago lurperatuta (argazkian ikus daitekeen moduan) 1993tik. Eta orduan, Eusko Gudariak abestu zuten agurtzeko. Mikel Epaltza apaizaren hitzetan, komandanteak “inoiz ez zuen gloria pertsonalik eskatu eta gauza bakar bat desira zuen soilik: bere herriaren askatasuna”. Urtero Hendaiako hilerrian egiten diote omenaldia, baina aurtengoa berezia denez, Irungo Gernikako Arbola parkean izango da. Zentzu honetan, Irungo lider abertzalearen jarduna oroitarazteko, oraindik ere lan handia egin beharra dagoela azpimarratu dute. Eta horregatik, abenduaren 2an Kepa Ordokiren figura ohoratzeko ekimena antolatu dute.