Bi ikasle identifikatu zituen atzo Ertzaintzak Txingudi Ikastolan greba feminista orokorraren atarikoan

Antxeta Irratia 2023ko aza. 30a, 06:24

Txingudi Ikastola BHIko bi ikasle identifikatu zituen atzo Ertzaintzak #GrebaFeministaOrokorraren atarikoan hezkuntza zentroaren atarian egindako ekintzen ondorioz. Ikastolako ataria pintaketak egin zituzten grebara deituz, eta zentroko "zuzendaritzaren jarrera autoritarioa" salatu du Bidasoako IAk. 

Eskola publikoetan zerbitzu minimoak agindu ditu Eusko Jaurlaritzak gaurko #GrebaFeministaOrokorra dela eta. Zaintza lanetarako 100 ikasle/irakasle bateko ratioa markatu dute. Haatik, Hondarribiko Talaia eskolan ia erabateko normaltasuna izan da. Irakasleen %14ak egin du greba, baina orohar, HHko Satarkan goizeko zaintzak bertan behera uzteaz gain, gainerakoan ez du aparteko eraginik izan. Ezta jangelan ere. 

Halere, zailtasunik handienak eskualdean, irakaskuntzan baino jangela zerbitzuetan eman dira. Behe Bidasoko zenbait eskoletan hau itxi behar izan dute gaurko egunean. Irungo Eguzkitza eskolan jangela itxi dute gaur. Eta gauza berbera, egunero 940 bat ikaslek bazkaltzen duten Txingudi Ikastolako HH, LH eta DBHkoen jantokian ere. 

Txingudi Ikastola izan da protagonista ere, greba egunaren atarian. Bidasoako Ikasle Abertzaleakek hainbat asanblada antolatu dituzte Irunen baita Hondarribiko Talaian ere grebaren gaia lantzeko azken bi asteotan. Eta atzokoan, "zaintza zerbitzua, kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala eskatuz, eta lan banaketa sexualarekin amaitzea" aldarrikatzeko hainbat pintaketa egin zituzten zentroaren atarian, baita informazioa banatu ere. Ikasleak grebaren lanketa egiten ari zirela, Ertzaintza deitu eta hauek bi ikasle identifikatu zituzten. Adin txikiko edo nerabeak. 

Hau gogor salatu du Ikasle Abertzaleak-ek "Txingudi Ikastolako DBHko zuzendaritzaren jarrera autoritarioa" leporatuz.