Be Veggie azokak jendetza bildu du asteburuan Ficobara

Maia Muruaga, Aimar Lopez 2023ko abe. 11a, 10:15

"Produktu eta bizimolde begetala" sustatzen dituen Be Veggie azokaren bosgarren edizioak ehunka herritar erakarri ditu. Recicla Birziklatu elkarteari buruzko Julen Urtxegiren "Balance" dokumentala ere aurkeztu zuten.

Abenduaren 8tik 10era, produktu beganoen dastaketa eta salmenta, sukalde erakustaldiak, elkarteen aurkezpenak, hitzaldiak edo kontzertuak izan ziren Ficoban. Elikadura beganoa normalizatzen ari den honetan, herritar orori janari alternatiba horiek zabaltzea helburu dutela azaldu digu Leire Jaime azokaren koordinatzaileak.

Elkarteak ere izan ziren bertan, Recicla Birziklatu bertzeak bertze. Laida Rodriguez kideak Maia Muruagari haien azken aldiko ekimenak azaldu zizkion. Hain zuzen ere, haien ibilbidea eta filosofia irudien bidez erakusten dituen Balance dokumentala ere aurkeztu zuten larunbatean. Julen Urtxegi bideogile irundar gazteak zuzendu du filma, eta bertzeak bertze urrian egin zuten Bidasoa Ibaia Garbi ekimena du ardatz.

Azokaren balorazio positiboa egin dute antolatzaileek.