Duela 50 urte Irun Iruten elkarteak sortu zuen Olentzeroren etorrera Irunen. Elkartea desagertu zenez geroztik Bidasoako EKT, Betti Gotti euskara taldea, Auntxa trikitixa eskola, Txorimaloak soinu taldea, Bidasoako Erraldoiak eta Bidasoako Joaldunak bezalako eragileek ahrtu zuten lekukoa gaur egun arte. Eta urtero bezala, abenduaren 23 honetan ere, Olentzero eta Mari Domingi Irunera hurbilduko dira. Haurren eskutitzak biltzeko eta haien etorrera ospatzeko ekitaldia antolatzen duen talde eragileko ordezkaria Joxeja Zabalo izan dugu gonbidatu Goizeko Kafean. Eta iragarri digunez, eskutitzak jasotzeko ekitaldi nagusia San Juan plazan egingo bada ere (18:15-20:30), San Migel auzoan barrena ere ibiliko dira aurten hirierdia kalejiran zeharkatu baino lehen, 17:30etan Leka Enea ikastetxetik abiatuta.
Ekitaldia garatu eta jantzi ezinik
Joan den urtean iada, ekitaldia «prekarioan» eta auzolanean antolatzera behartuak zeudela salatu zuten antolatzaileek. Bidasoako EKT, Betti Gotti euskara taldea, Auntxa trikitixa eskola, Txorimaloak soinu taldea, Bidasoako Erraldoiak eta Bidasoako Joaldunak bezalako eragileak biltzen dituen talde eragileak salatu berri du, berriz ere, Irungo Udalak ez duela gabonetako gainerako ekitaldi garrantzitsuenekin duen begirunerik erakusten Olentzeroren ekitaldiarekin. Joxeja Zabalok dioenez, «Udalak gabonetako kanpaina komertzial handia bultzatu badu ere, Olentzeroren ekitaldia 80. hamarkadatik ezer gutxi garatu ahal izan da. Hitz onak izan ditugu udalaren partetik, aitortu digute ez dizkigula baliabide aski ematen, baina hartu duten konpromisoa bete dezala eskatzen dugu», dio.
Zentzu honetan, 8.000 euro inguru jasotzen dituzte, baina Olentzeroz gain, urtean zehar beste hainbat kultur hitzordu antolatzeko konpromisoarekin, eta haietarako ere diru partida hori bera izanik. Dirulaguntza izenduna galdu egin dutela diote, eta 5.000 euro baizik ez dituztela abenduaren 23koa antolatzeko. Errege Magoen Kabalgatak, aldiz, 36.000 euroko aurrekontua duen bitartean. «Halere, guk ez dugu beste ekintzekin konparatu nahi, baina Olentzeroren sugar hori bizirik atxikitzeko babesa nahi dugu», argitzen du. Izan ere, aurten Olentzero eta Mari Domingiren gurdia berritzeko lanak auzolanean egin dituzte laguntzarik gabe. «Gure helburua da Olentzero zer zen eagutaraztea, eta haurren eskutitzak jasotzeaz gain, girotze bat sortzea, ekitaldia jantzi beharra dago, baina ezin dugu horrela aurrera egin, ez da justua hor dauden diru kopuruak» salatzen du. Halere, esan bezala, hainbat eragile dira antolaketan bolondres lanetan. Eta aurten Emaus erakundea ere batu zaie, haurrentzako detailetxo edo opari bat eskainiko diete haiek eskuz egina.
Zailtasunak abereekin ere
Nolanahi ere, ez da aurten topatu duten zailtasun bakarra. Izan ere, animalien babeserako lege berriaren ondorioz ere, Olentzerorekin batera San Juan plazan bildu ohi dituzten abereak eramateko arauak nabarmen zorroztu dizkiete. «Dena geroz eta zorrotzagoa da, haien espazioak ondo neurtuak eta albaitari bat ere beharrezkoa da orain, baina gure baserrietan betidanik izandu diren abere horiek urtean behin plazan ikusi ahal izatea gorde beharreko zerbait da», aldarrikatze du Zabalok.
Abereekin zailtasunak izan dituzte modu berean, San Tomas eguneko ferietan parte hartu ohi duten eskualdeko baserritarrek ere. Bai Hondarribian, baita Irunen ere. Orain arte, aberearen ustiakuntza ofiziala justifikatu beharra bazen, orain abere bakoitzaren identifikazioa ere behar da, eta abere bakotsaren espazioak neurtzeaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena eta bertatik pasa beharra duen albaitari baten agiria. Tramite administratibo aldaketa horrekin, eskualdeko baserritarrak kezka azaldu dute aurtengoan.