Irunen mugitzeko, autobusa ohitura bilakatzen ari da

Koldo Nausia 2024ko ots. 20a, 11:05

Udalak ‘Isuri Apaleko Eremua’ zehazteko proiektua garatzen ari den bitartean, irundarrak autoa alboratu eta garraio publikoa gehiago erabiltzeko ohitura hartzen doaz. Hori irudikatu dute 2023ko IrunBus autobusen sareko erabilera datuek. 1.905.434 bidaiari jaso dituzte sareko lau lineek, inoizko markarik onena, pandemia aurreko 2019ko aurreko marka apurtuz. Eta iaz baino 340.000 bidaiari gehiagorekin.

Borja Olazabal, Mugikortasun arloko udal ordezkaria datuok harro egoteko modukoak direla dio. «Duela zenbait urte autobus-sarea berrantolatzeko erabakia hartu genuen ondo aztertu eta gero, eta mugikortasun jasangarriaren aldeko apustu horretan, herritarrek baieztatu egin dute erabakia egokia izan zela», dio zinegotziak. Izan ere, erabiltzaileen igoera ez da etenik gabekoa izan, pandemia tartean izan delako, baina udal ordezkariaren ustez agerikoa da dinamika hori dela.

Are gehiago, bi milioi bidaiarien langa gainditzea dinamika horren baitan berandu baino lehen gertatuko den zerbait dela adierazi du.

Datuak eta berrikuntzak

Esan gabe doa L1 linea dela erabiliena, Zaisa-Ospitalekoa. 1.350.000 bidaiarirekin eta 2022arekin alderatuta 260.000 gehiago. L2 linea, Landetxa-San Juan artekoa, aurten autobus elektrikoekin hornitu berri dutena 395.000 bidaiarik erabili dute, 40.000 gehiago. Eta autobus txikiek zerbitzu ematen duten L3 lineak 100.000 eta beste 57.000 gehiago L4 linean.

Udalak oroitarazi duenez, Elitxu-Mendibil-Ficoba lotuko dituen L5 linearen kontratua zehazten ari dira, eta dena prest dute datozen hilabeteetan martxan jartzeko, hori ere 9 metro luzeko autobus txiki batekin zerbitzua emango delarik. Mendibil inguruetan eta auzotarren eskaerei erantzunez, zenbait espaloi egokitu behar izan dituzte, kale estuetatako bihurgunetan autobusak pasa ahal izateko.

Bestalde, Irun izan zen aurreneko udalerria EAEn autobus elektrikoak baliatzen. Eta Europatik jasotako Next Generation dirulaguntza funtsaren 2 milioi euroei esker, eta udalak berak egindako inbertsioen ondorioz, aurki lau autobus gehiago jarriko dituzte martxan. Olazabalek azaldu digunez, «IrunBus sareko zerbitzu guztiak autobus elektrikoak izango dituzte aurten». Izan ere, aldi berean 10 autobus izan ohi dira martxan, eta 11 elektriko izango dituzte berriak jaso bezain pronto.