Korrika Irundik abiatzeko 18 egun eskax direnean, Santiago auzoko Korrika Eguna aurkeztu dute AEKk, Irungo Udalak eta martxoaren 2a larunbata ez ezik, igandean ere motorrak berotzeko egitarauan parte hartuko duten eragile andana batek ere.
Joan den larunbatean Eguzkitza ikastetxeko aterpera lekuz aldatu behar izan zuten Larreaundiko Korrika Egunaren balorazio ezinhobea egin du AEKk. Korrika Kulturalaren eramaileak, Maddi Sanzek azaldu duenez, eguraldi txarraren oztopo guztien gaindi, 100 haurrek izena eman zuten zirku ikastaroan eta 30 baino gehiago sukaldaritzako tailerrean.
Korrika Eguna Santiagoko frontoian
Martxoaren 1erako prestatzen ari diren Santiago auzoko Korrika Egunerako eguraldia lagun izatea itxaropena dute. Euskal Jai frontoian ospatuko dute, eta goizeko 10:00etan Atxiki Pilota Eskolako lagunen eskutik 12 urtetik gorakoentzat pilota topaketa batekin hasiko dute eguna. Ondoren, Santiago auzo elkarteko buruhandiak aterako dituzte "haur eta gazteak kalean korrika egiten jartzeko". Bakarne Atxukarro eta Izaskun Zubialdek ipuin musikatuak eskainiko dituzte gero Nayade abesbatzarekin elkarlanean.
Arratsaldean, Izarkomek 17:00etan proposatuko duen gailuak euskaraz erabiltzeko oinarrizko tailerraren ondotik, Lumak Haize Irungo Harrotasun Kritikoak antolatu duen bingo musikatua proposatuko dute Euskal Herri osoko euskotrabestiak 18:00etatik aurrera. Eguna borobiltzeko, 19:30etik aurrera erromeria izango da Auntxa trikitixa eskola eta kontserbatorioko ikasleek proposatuta. Gainera egun osoan zehar Labore Txingudik Bidasoa KM0 produktuen erakusketa ezarriko du frontoi inguruan. Maddi Sanzek azpimarratu duenez, "AEKk bultzatu eta koordinatu besterik ez du egiten, herritar eta eragilerik gabe ezinezkoa izango litzateke hau guztia".
Erromeria ibiltaria eta beste deialdi batzuk
Horren irudiko asteburu honetako egitaraua. Ez baita larunbatekora mugatuko. Igandean, 12 eragilek Erromeria Ibiltaria antolatu baitute Urdanibia plazatik Zabaltza plazara 17:00etan hasita. Meakako Adixkideak, Kemen, Eraiki, Txorimaloak soinu taldea, Atzokoak, Ametsa eta Nabartenea abesbatzak daude partehartzaileen zerrendan.
Era berean, martxoaren 2an Euskal Herriko IX. Hitz gurutzatuen txapelketa ospatuko dela oroitarazi dute. Palmera Montero gunean, goiz osoa hartuko duen txapelketa izango da. Eta izen-ematea eta informazioa www.hitzgurutzatuak.eus webgunean duzute. Epea otsailaren 29an itxiko dute.
Bestalde, Korrika Kulturala "oparoa behin gozatuta", heldu den asteazkenean otsailak 28an, martxoaren 14ko Korrikaren lehen eguna prestatzeko batzordea deitu du AEKk. "Ahal bezainbat esku beharko ditugu dena ondo antolatzeko", gogoratu du AEKko kideak. Beraz, otsailaren 28an Palmera Montero gunean egingo duten bileran (18:30ean) parte hartu eta norbere hondar alea jartzeko deia luzatu dute.