Maite tolosa eta Erika hernandez

«Gazteek euren espazioa behar dute, eta Martindozenean goxo eta aktibo egoteko aukera ematen diegu»

Koldo Nausia 2024ko mar. 1a, 13:57

Martindozenea Gaztelekuak 15-18 urtekoei zuzendutako 'Koadrilen Saltsa' tailerra estreinatzen du gaur Konekta zerbitzuaren eskutik. Gazteen arteko harreman motak landu, eta osasuntsu edo toxikoak direnak identifikatzen ikasiko dute. Adinari egokitutako bi espazio daude Martindozenean Irungo gazteen eskura. Bertan izan gara hobeto ezagutzeko.  

Gaur estreinatuko dute, TrebaGazte programaren haritik eratorrita, baina Konekta zerbitzutik antolatu duten ‘Koadrilen Saltsa’ izeneko tailerra. 15 eta 18 urte arteko gazteei zuzenduta, adin kritiko honetan gazteek dituzten harreman motak identifikatu, eta lagunekin dituzten harreman osasuntsuak sustatzeaz gain, toxikoak izan daitezkeenak baztertzen ikasteko lagungarri izan nahi du. Horretarako, gaztelekuko eta Konekta zerbitzuko teknikariek ez ezik, psikologo batek ere bideratuko du tailerra.  

Maider Tolosa (Konekta) eta Erika Hernandez (gaztelekua) teknikariekin bildu gara, hain justu, Martindozenean arrakasta biltzen ari den 15-18 urte artekoentzako espazio berrian. Bigarren solairuan dago, eta urtarrilaz geroztik dinamika hartu duela aipatu digute, ostiralero eta larunbatero 17:00etatik 21:00etara, batez bestean 30-40 bat gazte hurbiltzen baitira. "Gazteek eurek gustora egoteko leku bat beharrezkoa" dutela azpimarratzen dute teknikariek. Bereziki pandemia ondotik indar bat egiten ari da Irungo Udala gazteekin eskuhartu eta euren beharrei erantzuteko. Eta Gazteria arlotik martxan dituzten prebentzio eta bestelako programak haiekin bideratzeko leku aproposa da, gazteek gustokoak dituzten jarduerak egiteko aukera duten bitartean. Hilabetero programazio bat osatzen dute modu partehartzaile batean. Izan ere, "hitzordu asko haien ekarpenak" izan ohi direla diote teknikariek. 

Bestalde, beheko solairuan 12-17 urtekoentzat espazio dago, eta adinari egokitutako programazioa eskaintzen diete ere, Artiako gazteleku berriarekin batera.