Lurraldebuseko hobekuntza proiektua ezagutzeko Mugikortasun diputatuarekin bildu da Irungo auzo elkarteen federazioa

Antxeta Irratia 2024ko mar. 3a, 13:06

Azahara Dominguezek Irungo auzo elkarteen federazioari jakitera eman dioenez, Lurraldebus proiektu berriak 109tik 128ra handituko ditu Hondarribitik Irunera autobus zerbitzuak, eta Irundik Hondarribira 110etik 126ra emendatuko dute, ordutegiak zabalduz eta Donostiko ospitalera edota EHUko Ibaetako kanpusera zerbitzuak indartuz. 

Irungo Oiasso 2000 auzo elkarteen federazioko ordezkariak, Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuarekin bildu ziren joan den ostiralean, Lurraldebus zerbitzuan aldaketak ekarriko dituen proiektuari buruz interesatzeko. Diputatuak oroitarazi duenez, gaur egun 109 zerbitzu daude Hondarribia eta Irun artean, bost autobus lineatan banatuak. «Zerbitzu horiek nabarmen handituko dira proiektua indarrean sartzen denean», iragarri du Dominguezek. Zehazki, Hondarribitik Irunera abiatzen diren 109 zerbitzuak 128 izatera oasako dira, eta Irundik Hondarribira abiatzen direnak, berriz, 110etik 126 zerbitzura, astelehenetik ostiralera.

Era berean, ordutegia zabaldu egingo dute, goizeko 5:00/5:30etik gaueko 22:30/22:55era, eta beste garraio zerbitzu batzuekin lotu eta intermodalitatea azkartzeko helburuarekin. Bestalde, larunbata, igande eta jaiegunetan eguneko ia 24 orduetan emango da zerbitzua. Mugikortasun diputatuak auzo elkarteen federazioko kideei jakinarazi dienez, giltzari diren zenbait ibilbide indartu egingo dituzte. «Ospitaletarako, Miramongo parke teknologikorako eta EHUko Ibaetako kanpuserako eguneroko ordutegietan, ikasleen eta langileen sarrera-irteerako ordutegietara egokitzeko».