Lau egun eskax barru 23. KORRIKA abiatuko den San Juan plazan bertan egin dute gaur azken xehetasunak emateko agerraldia. Helburuetan, herri aldarri alai eta irmoa izaten jarraitu nahi duela azpimarratu du Xabier Artola KORRIKAren Gipuzkoako arduradunak. «Euskaldunon hizkuntz-eskubideen aurkako oldarraldi batek bizirik darraiela, eta horrexeagatik euskararen herri harroa garela erakutsiko dugu», iragarri du. Irun hiri berezia dela nabarmendu du. Gipuzkoako bigarren hiria delako biztanle kopuruei dagokienez, baina ez euskal hiztun kopuruetan. AEKren asmoa egoera hori iraultzea dela argitu du, eta Korrikaren abiatzea bultzada handia izango delakoan dago euskararen erabilera suspertzeko, eta AEK euskaltegiaren lana bizkortzeko ere.
Hain justu, Irungo AEKri aitortza eginez, 23. KORRIKAren lehen kilometroa bertako egungo irakasleek egingo dute. Beñat Alzaga, Irungo AEKko koordinatzaileak azaldu duenez,Irungo AEK euskaltegiko 11 kideek (10 irundar eta hondarribitar bat) hartuko dute aurreneko lekukoa, eta hunkituak daudela aitortu du.
Gure akorduan geratuko den oroitzapena
Zentzu honetan, Irundik Baionarako aurtengo ibilbidearen abiatzea bidasotarron akorduan betiko geratuko dela iragarri du. «Gure helburua bat eta bakarra da, oroitzapen ahaztezin bat sortzea elkarrekin», azpimarratu du Alzagak. Bestalde, gure komunitatearen indarra azpimarratu nahi dute. «Komunitate horri gorazarre egin eta aitortu» nahi dute, eta era berean, normalizazioa urrun dagoela oraindik ere gogoratu. «Ezin dugu aipatu gabe utzi, asko dugula egiteko, normalizazioa urrun dugula oraindik ere, eta hori lortzeko Korrikak egiten duen bezala, denok elkarrekin, eskuz-esku egin behar dugula», esan du.
Hori irudikatuko dute martxoaren 14ko ekitaldian. Euskal Herriko Korrika arduraduna Ane Elordik, Gipuzkoako ordezkari Aize Otañok eta Beñat Alzagak berak hartuko dute hitza 15:30etan. Irungo AEKko koordinatzaileak iragarri duenez, «ez da ohiko ekitaldi arrunta izango». Bestelako kutsu bat eman nahi diote, baina ez dute deus aurreratu, ostegunean 15:30ean San Juan plazan egoteko deia luzatu baizik.
Egun osoko festa
Irteera egunaren arduraduna, Maddi Sanzek gogoratu duenez, 17:30etan lekukoa Hendaiako bizilagunen eskuetan utzi ondoren hasiko da Korrika abiatzearen ondoko besta San Juan plazan bertan. Baina egun osoko jaia prestatu dute Irungo herritarrek 23. KORRIKAri hasiera emateko. Egitaraua goizeko 11:00ak aldera hasiko da, Gazte Korrikarekin, eta goiz osoan hainbat ekimenek alaituko dute eguna. Euskal Herri osoko artisau-azoka Urdanibia plazan 11:30tik 19:00etara, Muxikoak (Almudena Grandes plazan) 11:30an, bertso triki-poteoa ostatuetan 12:30an hasita, eta ondoren, 15:30ean aipatutako 23. KORRIKAren hasiera-ekitaldia izango da, San Juan plazan instalatuko den oholtzan.
Baina esan bezala, 16:00etan KORRIKA abiatu eta Hondarribira joan-itzulia egin ondotik, bere lehendabiziko gauaren bila Lapurdin barrena segitzen duen bitartean, Irunen jaiak segituko du. Horretarako kontzertu eta ekitaldi anitz antolatu dituzte Urdanibia plazan inguruetan Burrunba elektrotxaranga tabernetatik, eta Esne Beltzaren zein Bad Sound-en kontzertuak agertokian. Iragarri dutenez, bi txosna egongo dira Urdanibia plazan bertan 12:30etik gauerdira arte.