Klima aldaketaren erronkari egokitzeko, Irun hiriak zuhaitza beharko du aliatu

Koldo Nausia 2024ko mar. 19a, 14:56

Irun aitzindaria izango da EAE mailan, klima aldaketaren berotegi-efektuari eta uholde arriskuei egokitzeko espazio publikoaren kontzeptua berrasmatzen. Bero-irlak sahiestuko dituzten zuhaitzen itzala eta korridore berdeak sustatu eta behartuko dituen Garapen Urbanistiko Jasangarrirako Irungo udal ordenantza berria martxoaren 22an bozkatuko dute.

Irungo espazio publikoaren definizioa aldatu eta hiri-paisaian eskuhartzeko arau berriak zehaztuko ditu Garapen Urbanistiko Jasangarrirako Ordenantza berriak. Irungo udalbatzak martxoaren 22ko plenoan bozkatuko du. Eta EAE mailan Gasteiz edo Bilbok mota hortako irizpideak nahiko garatuak badituzte ere, «Irun aintzindaria izango da Hiri Antolamendu Plan Orokorrean eragina izango duen udal ordenantza bat garatzen» Hirigintzako ordezkari Miguel Angel Paezek azpimarratu duenez. Halere, udalbatzak hasierako onarpena emango badu ere, ondoren erakusketa publikoa eta alegazioak aurkezteko epea izango du eragile orok bere ekarpenak egiteko.

Baina talde politikoei aurkeztu zaien irizpide nagusiaren arabera, urbanizazio lan ororen esparruan, zuhaitzen plan bat prestatu eta ingurumena eta paisaia lehengoratzeko neurriak hartu beharko dira. Eta horri esker, Irungo Udalak Bultzatu 2050 Hiri Agendari, Klima 2050 Estrategiari eta Urban Klima 2050 proiektuari erantzungo die.

Zuhaitzen itzala bero-uharteen kontra

Funtsean, etorkizuneko Irun hiria «klima aldaketari egokitzeko eta resilientea» izan dadin, hiritartze plangintza guztietan eragingo duen ordenantza izateko asmoa du. Irungo kasuan, berotegi-efektua ez ezik, itsaso eta ibaien maila igoerak suposatuko duten erronkari egokitzeko hartu beharreko neurriak bideratuko dituzten irizpide berriak.

Proiektuak hiru helburu nagusi dituela aditzera eman du Borja Olazabal Garapen Jasangarrirako ordezkariak. Mugikortasun Jasangarriaren haritik urratsak ematen doazten bezala, urbanismoaren ikuspegitik  «adaptatzen» ikasi beharra dagoelako. Eta espazio publikoaren berrasmatzeko helburu horietariko garrantzitsuena, Espazio Berdeak dira. «Hiritartzea, birnaturalizatzea behar du izan, hirietan dauden bero-uharteak sahiestu eta euri-uren aprobetxamendua sustatuko duten urarekiko hiri-azalera iragazkorrak lortuz», argitu du Paezek. Eta horretan, elementu nagusia zuhaitza izango da.

Korridore berdeak hirian

Gaur egun 15.000 zuhaitz inguru daude hirigunean. «Parkeak eta lorategiak ere baditugu, baina berdeguneen arteko korridoreak sortzeko irizpidea da berritzaileena, itzala izango duen oinezkoen hiri bat lortzearren», argitu du Borja Olazabalek ere. Horretarako, espazio berdeen arloan, ordenantza onartuko den momentutik, Irunen urbanizatuko diren kale eta eremu publiko guztietan zuhaitzak landatzeko exijentzia markatuko dute. 50 metro karratu berhiritartzen bada 8 metro baino handiagoa den zuhaitz bana, 30 metro karratuko 5-8 metro arteko zuhaitz ertaina, eta arbola txikia (5 metro artekoak) 10 metro karratuko. «Batetik, zuhaitzek itzala ematen dutelako, baina sustraietan euri-uren lurrazpiko hezetasuna atxikitzen dute, estoldetatik ihes egin beharrean», argitu du Hirigintza ordezkariak, eta bestetik ere, uholde arriskuen aurrean, ura xurgatzen duen hiria izan dadin.

Udal Ordenantza berriaren gainerako helburuak ere, zentzu bereko irizpideak bultzatuko ditu. Nolabait ere, berdegune eta zuhaitz gehiago landatzera behartuz. Espazio libre eta oinezkoen eremuak, eta kale, errepide zein aparkalekuentzat irizpideak zehazten baititu. Eta bi arlo hauetan ere, oinezko ibilbide irisgarriak itzalpean ahalbidetzeko helburuarekin batera, kaleen neurrien arabera zuhaitz landaketak behartuko ditu.

Horrela, kaleko azaleko aparkalekuen kasuan, lau plazako zuhaitz bana landatu beharko du udalak. Eta 3,50 metro zabalera edo gehiagoko oinezkoen espazio guztietan zuhaitzak landatu beharko dituzten bitartean, 12 metro zabalera baino gutxiagoko kaleetan plataforma bakarra egokitu beharko dute. Hau da, oinezko eta trafikoa elkarbiziko duten kaleak izan daitezen. Izan ere, kaleen egitura eta espaloien espazioen arabera, parterre, zuhaitz eta berdeguneen gutxieneko ezarpena aginduko du ordenantzak.

Miguel Angel Paez, Hirigintza arloko ordezkariak azpimarratu duenez, ordenantza berriak hirigintza proiektu berri guztietan aplikatu beharko dute aurrerantzean. Baina klima aldaketari egokitzeko «premia gorria» duten hiriko hainbat gune identifikatu dituzte dagoeneko. Hortaz, egingo diren obra berrietan arau hauek aplikatzeaz gain, espreski obra berriak ere egingo dituzte zenbait gune ordenantza berrira egokitzeko. «Proaktiboak izan nahi dugu, eta urbanismo zaharraren eredu diren zenbait eremutan korridore berde horiek sustatzeko inbertsioak egiteko asmoa dugu, Letxunborro hiribidea edo Elitxu hiribideak dira horien adibide garbiak», argitu du.