EH Bilduk osasungintzaren «proposamen integralaz» mahai-ingurua antolatu du Bilgunean

Antxeta Irratia 2024ko api. 2a, 12:09

Osasun Bidasoa plataformak mobilizazioak azkartu dituen honetan, Irungo EH Bilduk gaiari heldu eta osasungintza publikoari buruzko mahai-ingurua antolatu du apirilaren 3an (18:30ean) San Martzial kaleko Bilgunean, "Osakidetza zutik" jartzeko proposamena hizpide.

Rebeka Ubera legebiltzarkidea eta Jesus Oñate “Osakidetza zutik jartzeko” EH Bilduren proposamenaz ariko dira. Eskualdeko osasun sistema publikoaren egoerarekin arduratuta daudela adierazi du EH Bilduk, eta orain dela egun gutxi batzuk Pello Otxandion EH Bilduren osasunari buruzko proposamen integrala ezagutzera eman duela eta, horren inguruan argitasunak ekartzeko mahaingurua antolatu dute Irunen.

Hitzordua ate zabalik egingo da San Martzial kaleko koalizio abertzlaearen Bilgune berrian 18:30ean, eta gaiari buruz interesa duen orori parte hatzera gonbidatu nahi izan du EH Bilduk.

Arazo estrukturalari alternatibak

Ez da aurreneko aldia Rebeka Ubera legebiltzarkidea Bidasoko osasun zerbitzu publikoen egoera salatu eta hobekuntzak eskatzeko eskualdera hurbiltzen dela. 2022ko urtarrilan dagoeneko, Lesaka, Irun eta Hondarribiko EH Bilduren hautetsiez inguraturik,  Osasun Bidasoa Plataformak eskualdeko ospitalearen berritze proiektua geldiarazteko zeraman borroka ere sustengatu zuen ospitalearen aitzinean. Eta eskualdeko ospitalearen «premia gorriez haratago» osasun zerbitzu publikoen oinarrian dagoen Lehen Arreta indartzeko defentsa egin zuen orduan fermuki. «Ospitalera bideratu aurretik, eta eritasun ororen prebentzioan ere, lehen arretako osasun zentroak dira sistemaren sarbidea», oroitarazi zuen Uberak. Eta pandemiak osasungintza publikoaren gabeziak azalerazi zituela kontuan hartuta, azken urteetan Eusko Jaurlaritzatik eramandako «politiken ondorioz arazoa estrukturala» dela nabarmendu zuen.

Bi urte geroago, Osasun Bidasoa plataformak asteotako mobilizazioetan salatu duenez, egoerak hokerrera egin besterik ez du egin. Eta Rebeka Uberak orduan bezala, EH Bilduk oraingoan ere, «inbertsio publiko gehiago, osasun langileen egonkortzea eta osasun zerbitzu duin bat lortzeko behar baliabideak eskaintzeko garaia dela» aldarrikatzen du.