Abenduan kaleratu zuten Fran Justo aukeratu du Real Unionek, mailari eusteko ahaleginetan

Antxeta Irratia 2024ko api. 4a, 16:43

Emaitzak hobetzeko helburuarekin, ustez lemakolpe bat zena atzerabueltakoa bilakatu da. Izan ere, klub txuribeltzak Fran Justo galiziarra aurkeztu du gaur denboraldiko azken 8 jardunaldietan mailari eusteko erronka onartuta. Sailkapenaren epelean utzi zuen abenduan kaleratu zutenean, baina berekin kofidantza egin dio zuzendaritzak orain jeitsiera postuengatiko lehia bizian.  

Abenduan kaleratu zuten Fran Justo, joan den udan epe luzerako proiektu baten oinarriak jartzeko hautatua izan eta gero. Baina 18. jardunaldian kanporatua izan zen, eta Idiakezekin egoerak okerrera besterik egin ez duenez, 13 partida beranduago bueltatuko da prestatzaile galiziarra, egoera zuzentzeko bigarren saiakera bat egiteko prest.

Denboraldi hasieran Stadium Galeko ‘Rock and rolla’ren leloa famatu egin zuen Fran Justok, etxeko aurreneko lau partidak irabazi ondotik, eta taldeak aurten lortu dituen 8 garaipenetatik sei 11. jardunaldirako lortu eta gero. Baina emaitzak okertu egin ziren gero, eta 6 garaipen, 3 berdinketa eta 8 porrot bilduta sailkapenaren epelean utzi zuen taldea. Orain, sasoiaren azken txanpan salbazioa lortzeko helburuarekin bueltatu da txuribeltzak 33 punturekin jeitsiera postuengatiko lehia bizian murgilduta dabilela. 

Justorekin batera Millan Fernandez (bigarren entrenatzailea) eta Erik Penedo (prestatzaile fisikoa) itzultzen dira ere. Eta analista lanetan Jose Antonio Portillo batuko da lantaldera. Bertan jarraituko dute orain arteko atezainen entrenatzailea Ricardo Costa, baita Ibon Zoilo eta Mario Capeletek ere. 

Pentsatzeko tarterik ez

Taldeak ez du atsedenik izango. Eta apirilaren 6ean sailkapenean 34 puntu dauzkan Cornella-ren bisita jasoko dute Stadium Galen, arerio zuzena izanik, hil ala biziko partida. Klubak bazkide bakoitzari bi sarrera euro bana erosteko aukera emango du partida honetarako, harmailetan ahalik eta babesik handiena lortu nahian.

Izan ere, liga amaitzeko zortzi partida falta diren honetan, ez du egutegi makala. Etxean: Cornella, Unionistas Salamanca, Cultural Leonesa eta Fuenlabrada. Eta kanpoan, Sestao, Osasuna Promesas, Ponferradina, eta denboraldia Riazor zelaian amaituko dute A Coruñako Deportivoren etxean. Partida gehienak arerio zuzenak ala igoera jokoan duten taldeen aurkakoak dira. Joan den urtean azken jardunaldian La Nucia-ren kontra 1 Federazio mailari eustea lortu zuen Iñaki Goikoetxearen gidaritzapena. Urtebete beranduago eta entrenatzaile aldaketak errutina bilakatuta, berriz ere mailari eusteko izerditu beharko dute txuribeltzek.