Udaz beste molde batez gozatzeko AbenturaEro alternatiba proposatu dute Irunen

Koldo Nausia 2024ko api. 8a, 13:13

Aurten 60 plaza eskainiko dituzte astebeteko hiru txandatan banatuta. Eta udaleku irekiak badira ere, azkeneko egunean gaupasa joango dira Nafarroako akanpaleku batetara, 2013-2016 artean jaiotakoei zuzenduta denez, etxetik kanpoko aurreneko esperientzia gisa proposatuta. Apirilaren 22tik maiatzaren 2era izena eman daiteke.  

Irungo Udalak SOLAS JOLAS udaleku irekien zozketa egin berri du, eta irun.eus udalaren atarian argitaratu dituzte egokitutako plazen zerrendak. Jakinarazi dutenez, apirilaren 10etik 19ra egin beharko da behin-betiko izen-ematea tramitazio elektronikoaren bitartez (Irun Txartelarekin).

Baina plazarik egokitu ez zaionak alternatiba duela gogoratu du Gazteria arloak. Aste honetan aurkeztu duten AbenturaEro "udaleku hibridoetan" beste 60 plaza eskainiko baitizute. Apirilaren 22tik maiatzaren 2ra zabalduko dute (www.irun.org/sac helbidean, baita autozerbitzu terminaletan ere) aldez aurreko izen-emate epea, eta 2013-2016 urteen artean jaiotako haurrei zuzenduta dago. Hiru txanda izango dira, eta 20 plaza txanda bakoitzean. Uztailaren 8tik 13ra, uztailaren 22tik 27ra, eta uztailaren 29tik abuztuaren 3ra bitartean. Udal ordezkariek argitu dutenez, guraso gehienek oporrak abuztuan dituztenez, haurrekin eta familien beharrak uztartuz pentsatu dituzte udaleku hauek uztailan. Aurkezten diren eskaeren artean zozketa eginez erabakiko dira plazak. Izan ere, 2022an 48 plazarekin martxan jarritako udaleku berria izanik ere, urtero eskaera handiagoa jasotzen dute. 

Abentura jarduerak proposatuko dituzte aste osoan zehar. Conquis ginkana, durfa, eskalada eta stand up paddle egin ahalko dute, baita abentura parke batetara joan ere. Eta udaleku irekiak badira ere, mixtoak edo hibridoak direla esan daiteke. Haur txikiei gau bat etxetik kanpo igarotzeko aukera emango baitiete. Irati Redondo, Gazteria arloko teknikariak azaldu digunez, azkeneko egunean gaupasa joango dira Nafarroako akanpaleku batetara, 2013-2016 artean jaiotakoei zuzenduta denez, txikiak baitira, eta askorentzat etxetik kanpoko aurreneko esperientzia izango da.