Boluntariotzaren lekukoa hartuko duten gazteei baloreak transmititzeko topaketa antolatu dute Irunen

Koldo Nausia 2024ko api. 22a, 13:25

Boluntariotzak Irunen duen erreleboa segurtatzeko erronka landuko dute Palmera-Montero gunean apirilaren 29an, 17:00etan antolatu duten belaunaldien arteko topaketan. 'Balioen Loratzea' ekimenaren baitan proposatzen duten laugarren hitzordua da, eta elkartegintzak hirian duen presentzia eta etorkizuna aztergai izango dute. Jardunaldian 50 urte bolondres lanetan eman dituen Lucia Garbayo omenduko dute.  

Elkartasunaren eta Belaunaldien arteko Elkarlanaren Europako Egunaren karietara, ‘Baloreak Loratzen’ ekimenaren laugarren topaketa antolatu du Irungo Udaleko Gizarte Ongizate arloak. Foro honen helburua eskarmentua duten adineko pertsonen eta gazteen arteko baloreen transmisioa sustatzea da. Eta aurtengo edizio honetan, GKEek eta elkartegintzak duen erronka nagusietako bati erantzutea izango da. Nuria Alzaga zinegotziak azaldu duenez, «elkarte gehienek aitortzen dute zailtasunak dituztela boluntarioen lekukoa hartuko duten belaunaldi berrien errelebo horretan». Eta beraz, halako jardunaldiak antolatzea lagungarria izan daitekeela sinetsita dago.

Jardunaldia apirilaren 29an 17:00etan izango da ate zabalik Palmera-Montero gunean, eta Bat Bi ta Hiru enpresako Josi Roigek dinamizatuko du. Honek argitu duenez, «enpatia, elkartasuna, errespetua, tolerantzia, pazientzia, ardura eta justizia bezalako baloreak transmititu nahi ditugu, eta gazteak boluntariotzara erakarri beharra dagoela azpimarratu, gizartearentzat beharrezkoa eta onuragarria delako».

Baloreen transmisioa

“Balioen Loratzea” ekimena 2021ean abian jarri zuen Irungo Udalak, izenburu horrekin adinekoen balio tradizionalak belaunaldi gazteei trasmititzeko helburuarekin. Eta gai desberdinak landu ditu orain artean, ildo beretik. Bigarren edizioan, “Bakea zure begiradapean” lelopean, justizia, elkarlana eta pertsonen eta herrien arteko elkartasuna bakean bizitzeko oinarri direla ohartzeko balio izan zuen. Eta Irun hiri solidarioa dela erakutsi eta eragile desberdinek egiten duten lana ezagutarazteko “Elkartasunaren balioa” jardunaldia antolatu zuten iaz. Betiere, adineko pertsonen eta gazteen arteko belaunaldien arteko topaketa bultzatuz.

Oraingo honetan, Irungo adinekoen elkarteek eta gazte boluntarioak dituzten elkarteen erreleboa landuko dute, eta besteren artean, Gurutze Gorriak, Atzegik eta Tantaka-Tecnun eragileen presentzia iragarri dute. Eta Gizaldeko boluntarioen dinamizatzaile Ander Larreak, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Partaidetzako teknikari Aitor Calvok eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Hezkuntzako teknikari Ander Bargosek parte hartuko dute topaketan.

Bestalde, eskarmentua duten adinekoen topaketa honetan, 50 urte bolondres lanetan eman dituen Lucia Garbayo omenduko dute. Irungo Pio Baroja BHIko Ikasleen Gurasoen Elkartean, Odol Emaileen elkartean, Irungo Hiritar Foroan eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Adinekoen Kontseiluan aritu izan da, besteak beste. Eta bere bizitzan egindako lanaren bideo bilduma bat proiektatuko dute.