Fauna eta flora babestu eta espezie inbaditzaileak ezabatu nahi ditu Aiako Harriako Patronatoak

Antxeta Irratia 2024ko api. 26a, 10:30

Aurten Aiako Harriko baso eta larre publikoak eta arroak hobetzeko, eta lurraldeko fauna eta flora zaintzeko ekintzak dira burutuko dituzten jarduketa nabarmenenak. Baita flora exotikoa ezabatzeko eta arriskuan dauden espezieak babesteko egingo dituzten inbertsioak ere. Era berean, turismo berdea modu jasangarrian sustatu beharra azpimarratu dute.

Aiako Harriako Patronatoak urteko bilera egin du aste honetan Añarbeko urtegian, 2024 urtean zehar aurrera eramango dituzten ekintzak zehazteko. Parke naturalaren biodibertsitatea zaindu, lurraldearen garapen sozioekonomikoa, parkearen ezagutza eta aisialdiko ekintzak modu jasangarrian bultzatzea dira patronatoaren helburu nagusiak.

Erakunde anitz daude inplikatuak bertan, nafar isurialdeko herri eta erakundeekin harreman zuzena dute, baina aipatutako patronatoa Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Donostiako Udalak, Errenteriako Udalako, Hernaniko Udalak, Iruneko Udalak, Oiartzuneko Udalak, Añarbeko Uren Mankomunitateak, Baso Jabeen Elkarteak, Gipuzkoako Mendizaleen Elkartea, Gipuzkoako Ehiza eta Arrantza Federaziak, Enba eta Naturkonek osatzen dute.

Fauna eta flora babesteko neurriak

Aurten jorratzea adostu diren alderdien artean, nabarmentzekoak dira inguruko baso eta larre publikoak hobetzeko eta mantentzeko, lurraldeko fauna eta flora zaintzeko, arroak hobetzeko, flora exotikoa ezabatzeko eta arriskuan dauden espezieak babesteko egingo diren inbertsioak. Izan ere, Aiako Harria Natura Parkean askotariko landare eta animalia espezie daude. Hala nola, pagoak, haritzak eta arteak. Faunari dagokionez, hegazti harrapariak ikus daitezke zeruan hegan. Eta parkea hegaztien migrazioa behatzeko tokia da ere, Pirinioetan zehar ematen den migrazio-korridorean baitan kokatzen delako. Bestalde, 170 ornodun espezie bizi dira bertan eta hainbat ugaztun topa daitezke, hala nola, basurdeak, orkatzak eta azeriak.

Aiako Harria Natura Parkeak biodibertsitate altuko paisaia ikusgarriak dituela azpimarratu dute, historia geologiko eta kulturala konbinatzen dituena. Orotara, 6.913 hektarea hartzen ditu, %80 titularitate publikokoa, eta gainontzekoa Irun, Oiartzun, Errenteria, Hernani eta Donostiako udalei dagokie. 1995. urtean izendatu zen natura parke eta, ordutik, hainbat helburu ditu: parkearen baitan dauden flora, fauna eta gainontzeko ekosistemak babestea, zaintzea eta, behar izanez gero, berrezartzea.

Garapen jasangarria

Naturaz gozatzeko topagune izatea, betiere lurraldeko garapen sozial eta ekonomikoan modu jasangarrian eragiteko baldintzak ezarriz. Zientzia ikerketak ere sustatzen dituzte. Baina garrantzi kultural eta historiko handia duen gunea da Aiako Harria Natura parkea ere. Historiaurreko garaietatik gizakiaren presentzia agerian uzten duten aztarna arkeologikoak ugariak baitira, trikuharriak eta labar-pinturak barne. Eta Aiako Natura meategi ondare handia gordetzen du bere baitan, Oiartzungo Arditurri edo Irungo Irugurutzetako labeak, adibidez. Horietako batzuk, gutxienez erromatarren garaiaz geroztik izan dira ustiatuak.

Honek guztiak turismo berdea bultzatzeko aukera ematen badu, aisialdi eta bisitariak modu jasangarrian bultzatzeko beharra azpimarratu dute urteko bilkuran.